Bidasoa ESIko Larrialdietako 17 medikuk sinatutako ohar batean, Larrialdi Zerbitzuen hondoratzea salatu dute. 20 medikuk osatzen dute plantilla. Eta salatu dutenez, «azken urteetako aurreikuspen faltaren ondorioz» 4 mediku baja luzean eta beste 3 lanaldi murrizketan daudela azaldu dute.
Horren ondorioz, egunez, askotan 3 medikuren artean kudeatu behar dute larrialdi zerbitzua, eta gaueko zerbitzuari 2 profesionalekin egin behar diote aurre. 24 orduko zerbitzua bermatu ahal izateko, aurreikuspen txikiarekin derrigorrezko txanda aldaketak pairatzen dituztela salatu dute, eta beraz, legez ezarrita dauden atsedenaldiak benetan betetzea zailtzen du honek. Nekearen ondorioz, «zerbitzuaren kalitatea eta segurtasunean eragina» duela diote. «Egun askotan egunez 3 mediku baino ez gara izaten, horietako batzuk esperientzia gutxikoak edo txandak egiten dituzten kanpoko profesionalak», argitu dute.
Azken 3 urteetan, lankideen lan-murrizketak eta ustekabeko ausentziak aparteko txandekin estali izan dituztela azaldu dute Larrialdi Zerbitzuetako medikuek. Baina egoera jasanezina dela azpimarratu dute. «Horri gehitu behar zaio 3 profesionalen ihesa, gure ustez lan-baldintzek eta Pediatriako Larrialdien itxierak eragindako estresak bultzatuta», salatu dute. Horren ondorioz, gaur egun taldea «erabat nekatuta eta motibaziorik gabe» dagoela ohartarazi dute.
Era berean, zerbitzura etorri ohi diren bidasotarrek pairatu behar dituzten itxaronaldi luzeak ez zaizkie medikuei oharkabean pasatu. «Egoera horrek deshumanizatu egiten du pazienteak sufrimendu eta zaurgarritasun uneetan merezi duen arreta», aditzera eman dute.
Nolanahi ere, Osakidetzak Bidasoaldean eskaintzen duen zerbitzuak, oro har gabezia handiak dituela argitu dute. «Badakigu ez garela hondoratzen ari den sistema baten biktima bakarrak, hala ere, zuzendaritzaren geldotasunak kezkatzen gaitu», adierazi du plazaratutako oharrean. Hau dela eta, herritarrek merezi duten benetako beharretara egokitutako Osakidetzako osasun-zerbitzuen antolaketa exijitu dute.
Maia Bernad Barcos, Ibai Mauduit Aznar, Miren Arbulu Zanguitu, Carlos Pardo Rodríguez, Ana Lucia Rengifo Martínez, Ion Koldobika Iribar Diéguez, Giovanna Ruiz Hernández, Mikel Fernandez Ormazabal, Irati Aristegi Sanchez, Irati Lanceta Barandiaran, Ane Etxeberria Fulgencio, Gabriela Gabilondo San Juan, María Gómez Martínez, Endika Felix Egia Mokoroa, Xabier Vázquez Albisu, Iker Guariste Vilchez eta Juan Morillo Montañes.