Txingudiko Zerbitzuetako ur saneamedu sareko langileek 5 hilabete baino gehiago egin dute greban. Joan den maiatzaren 5ean amaitu zituzten zuzendaritzak otsailaz geroztik agindutako negoziazio bilerak, eta akordio bat lortzeko aurreproposamen bat aurkeztu zieten langileei. Hasieratik eskatutako hobekuntza gehienak aintzat hartu dituzte azkenik. Alaitz Egiazabal, ELA sindikatuko langileen ordezkariak aditzera eman duenez, Igor Enparan eta Cristina Laborda alkateekin egindako azken bileran gatazkari amaiera emateko langileen aldarrikapenei bide emateko prestutasuna agertu zuten.
Txingudiko Zerbitzuek 2026 urtean duten 41 milioi euroko aurrekontutik 370.000 euro inguruko aldaketa suposatzen zuen langileen ordainsari eta lan baldintzen hobekuntzak. Eta azkenik 350.000 euroko diru ekarpena bideratu dute. «Hasieratik aldarrikatu dugu Irungo Udaleko langileen lan baldintzetara ekiparazioa, eta hori onartu egin dute zenbait baldintzekin, progresiboki, eta ekiparazio osoa 2029 urtean gauzatuko da», argitu du Egiazabalek. Epe luzeak izango badira ere langileek proposamena begirunez hartu zuten maiatzaren 5ean.
Hala ere, lau hilabeteko grebaldi baten ondotik, «lehen proposamen bat zen, eta arlo sozialean gauza bat zehazteko eskatu genuen», dio ELAko ordezkariak, produktibitate klausulari lotutako aldaketa bat eskatu, eta «berriz ere beste bost haste pasa dira eta ez dugu berririk, haien erantzunaren zain gaude». Izan ere, aipatutako hobekuntzak langile guztiei aplikatzeko exijitzen dute, baina bistan denez, gaixotasun luze bat duen langileak ez duenez produzitu ez zaio aplikatuko. Eta bost hilabeteko greba egin ondoren, grebalariek argi direla erdibideko hobekuntza batekin konformatuko.
Alde horretatik, «grebak luzeegi jo du», eta zuzendaritzak bileren artean epeak gehiegi luzatu ondoren maiatzaren 5ean proposamena aurkeztu badu, akordio bat lortzeko asmotan aurkeztu duela pentsatu nahi dute langileek. Haatik, joan den astean bilera bat izan zuten udal agintariekin eta Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak ez zuen bileran parte hartu. «Horrenbestez, ez dugu ulertzen zergatik uzten ari diren epeak luzatzen orain hain hurbil geundela», kexu da greba komiteko ordezkaria. Agintariek eta zuzendaritzak «higadura estrategiarekin» jarraitzen dutelakoan daude, lan gatazka hasi zenetik eta bost hilabete ondotik ere, «konpondu beharrean, langileak nekarazi nahian».
Hau dela eta, aste honetan mobilizazioak berraktibatu dituzte. «Maiatzaren 5etik aurrera gure mobilizazioen intentsitatea apaldu dugu, egin beharreko guztia egin dugulakoan hilabeteotan, baina berriz ere kaleak hartu ditugu, eta sanmartzialetan ere Irungo jaietako ekitaldi eta bazter guztietan egon behar badugu, egongo gara», ohartarazi du ELAko ordezkariak.