Fernando Mikelarena: «Duela hogei urte garrantzi gehiago ematen zitzaion oroimen historikoari»

Lizar Elexpuru 2026ko ekainaren 12a

Ekainaren 26an Beran aurkeztuko du hirugarren nobela Mikelarenak: ¡Al rescate de Baroja! Horren harira, Altzatetarren Dorrearen Akademia sortu berri du historialariak. Dibulgazio-jarduera desberdinak antolatuko dituen elkarte kulturala. Lehen ekintzak Mikelarenaren nobela berriarekin lotuta egonen dira. Oroimen pasealdien bidez, nobelako kokalekuak ezagutu ahal izanen dira, aldi berean, kokaleku hauek, Gerra Zibilaren hasierako pasarteekin irudikatuz. 

Altzatetarren Dorrearen Akademia

Altzatetarrek Berako familia esanguratsuenetarikoa osatu zuten XVII. mendera bitarte.  Fernandoren gaur egungo bizitokitik hurbil zegoen kokatua beraien dorrea. XVII. mendeko dokumentuen arabera, garai hartan bertan desagertu zen eta «geroztik ez dago inolako arrastorik». Hala ere, nahiz eta Altzatetarren Dorrearen desagerpenetik 400 urte baina gehiago pasa diren,  Berako herrian sortu den akademiak XVII. mendeko dorrea oroitzen du.

Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta dagoen kultur elkartea da hau eta udatik hasita, dibulgazio-jarduera anitzak gauzatuko dira. Historikoak, memoria historikoari buruzkoak, literarioak, soziologikoak eta antropologikoak. Uztailean adibidez, oroimen paseoaldiak gauzatuko ditu Fernando Mikelarenak, Bera herriko toki desberdinak Gerra Zibilaren hasierako pasarteekin lotuz eta “¡Al rescate de Baroja!”  ibilaldiaren ardatz izanik.

¡Al rescate de Baroja! 

«Amaren aldetik Berakoa» den eta «aita Donamarian sortua» duen historialari entzutetsuari hurbiletik iritsi zaizkio Baztan-Bidasoako aspaldiko  gertakarien kontakizunak. «Nire aita eta bere familia kontrabandistak izan ziren errepublika garian, gerra zibilean eta berrogeiko hamarkadan». Horrela «betidanik entzunak» izan ditu kontrabandoaren inguruko istorioak. Familiatik jasotako testigantza hauek eragin sakona utzi dute beratarrarengan, izan ere, ibilbide oparoa izatera iritsi da historiagintzan: Zaragozako Unibertsitateko irakasle titular izanik, 15 historia liburu, 160 artikulu baino gehiago eta bi nobela plazaratuak ditu. Bere lana estatu mailan erreferentea izan da, eta aitortza akademikoa ere jaso du, adibidez, Euskadi Literatura Saria jasota. 

Mikelarenaren argitaratze zerrenda luzeari, bertze obra bat gehituko zaio urte honetan: ¡Al rescate de Baroja! nobela. Hirugarren nobela izanik, trilogia bati forma emanen dio argitalpenak. Aurretik onduak zituen, Líneas de frontera eta Asesinato en la Conspiración nobelei segida emanez. 

Clemente Garcia Errandonea pertsonaia da trilogia honen sostengua: orduko kontrabandista inportanteenarekin (Agustin Arrieta) lan egiten zuen karabinero baten semea. Protagonista gerra zibilaren hasierako hainbat pasarteren lekuko izanen da: Karabineroen altxamendua, Berarako erreketeen etorrera, lehen erregistroak eta atxilotzeak, Ibardinerako ihesaldia ezkertiarren aldetik edo Pio Barojaren Doneztebeko atxiloketa.

Agustin Arrieta kontrabandistak ere zeresana eskainiko du istorioan zehar, izan ere, Mugairitik Berara, garaiko kontrabandista entzutetsuena izan baitzen. Mikelarenaren erranetan, «Arrietak zaldiak, mandoak, aratxeak edo behiak garraiatzen zituen Frantziara. Hala eta guztiz ere, aziendaz gain, Gerra zibilean jendea ere pasarazi zuen mugaren bertze aldera. Errepublikanoen zein Frankisten alde eginez. 1936ko uztailaren 15ean, Arrietak Molaren eta García-Escámezen emazteak muga zeharkatzen lagundu zituen.»

Mikelarenaren nobela honetan azaltzen den pertsonaia historiko hau, arestian ere azaldu izan da bertze autore batzuen obretan. Adibidez, Pierre Lotiren Ramuntxo nobelan, Itsua pertsonaian gorpuztua, edo Pio Barojaren Zalacaín el Aventurero-n. «Zalakainek eduki anitz hartzen du Arrietagandik». Bukatzeko, hainen ezaguna ez den bertze nobela bat ere aipatzen du Mikelarenak, Felix Urabayenen Centauros del Pirineo. 

Liburuaren aurkezpena

Ekainaren 25ean, Berako Kultur Etxean izanen da liburuaren aurkezpena. Berako Igone Liburu Dendan eta Purienean salgai jarrita. Liburua aurkeztu eta egun gutxitara Altzatetarren Dorrearen Akademiaren lehen jarduerak hasiko dira. Oroimen pasealdiak uztaila eta abuztuan zehar, eta irailean Bidasoa eskualdeko gerra zibilari buruzko udako ikastaroa gauzatuko da. Gerra zibilaren 90. urteurrena ospatzeko bideokonferentzia formatuko hainbat hitzaldirekin.

Elkartearen emaileko helbidea: academiadelatorredelosalzate@gmail.com