“Emakumeen arrastoa” proiektuarekin Berako emakumeen historia ezagutzera emanen du Mugerrik

Lizar Elexpuru 2026ko ekainaren 17a

Mugerri elkartea Berako etxeen eta baserrien toponimia berreskuratzen aritu ostean, aurten herritarrak jarriko ditu erdigunean, zehazki, emakumeak. Emakumeena ez bada ageri, ez da kontatzen egia. Horregatik, ezinbertzekoa den aitortza eta berreskuratze memoria plan bat jarri du abian Mugerrik: “Emakumeen arrastoa” proiektua. Informazio baliagarria edukiz gero, bidali mugerri@gmail.com helbidera.

Urrian ikusi ahal izanen dugu proiektuaren loratzea: mural edo collage bidez, informazio paneletan, paperezko euskarrian, antzeztutako bisita-gidatu baten bidez eta egitura digitalean. Ekintza hauek adin guztietako herritarrei bideratuko zaizkie.

Historia idatzi eta ezagutzeko moduan perspektiba feminista sartu denetik, ohartu gara soilik gizonezkoen bizipenak, istorioak, kontakizunak edo esperientziak aipatzea diskurtso hutsala, osatu gabea eta profesionaltasun gabea dela. Perspektiba feministari esker lortu da emakumezkoen duintasuna aitortzea eta jakin da ezinezkoa dela gizarte oso bat garatzea emakumeek urte luzez jorratu duten askotariko jakintza gabe . Hala ere, oraindik badago zer hobetua. Oraindik ezagutzen ez ditugun emakume esanguratsuren izen anitz berreskuratzeke dago. 

Beran Mugerri elkarteak hartu du horrekiko erantzukizuna. «Emakumeek Berako historia zehar egin duten ekarpen soziala plazara atera eta herritarrei ezagutzera eman» nahi du elkarteak. «Komunitatearen garapenerako izan duten ezinbertzeko papera azpimarratuz, eta gizarteak - instituzuioak zein erakunde zibilek- aitortu ez dieten tokia emanez» .

Proiektuak emakumeek egindako ekarpen soziala kultura immaterial gisa aitortu, dokumentatu eta zabaltzea proposatzen du, memoria kolektibo inklusibo bat sustatuz. Egitasmoak Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren Sustraiak deialdiaren finantzazioa lortu du, baita Berako Udalaren Kultura Batzordearena ere. Denetara 6.821 €-ko dirulaguntza jasoko du bi erakundeetatik Mugerri Kultur Elkarteak. 

Hala, Berako emakumeek hezkuntza arautuan, zaintza-lanetan, komertzioan, kulturan, kirolean edota erlijioan egindako ekarpena jasoko du, baina baita emigrazioan izandako papera edota jasandako errepresio-molde desberdinak ere bilduko dira, hala nola, sorginkeria-prozesuetan, gerretan, frankismoan edota Alemaniako kontzentrazio-esparruetan.