Berako turismo bulegoan eskualdeko ekoizleen produktuak erosteko aukera izanen da

Lizar Elexpuru 2026ko ekainaren 18a

Uda sasoi honetan, Berako Turismo Bulegoan Baztan-Bidasoako  produktuak salgai jarriko dira ekainetik urrira. Turismo jasangarriagoa sustatzeko helburuarekin, espazio berri honek, bai turistengan, baita bertako herritarrengan ere, gertuko ekoizleen lana balorean jartzen lagunduko du. Adela Arlegik, Berako merkataritza, turismo, elikadura eta berdintasun zinegotziak eskaini dizkigu proposamen honen inguruko xehetasunak. 

Berako Turismo Bulegoak azken aldian jaso dituen berrikuntzek ahalbidetu dute iniziatiba berri hau. Irailean bukatu ziren bulegoko berrantolaketa-lanak; espazioa erakargarriago bihurtuz. Hortaz gain, logistikoki ere, Berako turismoak aitzin pausuak emanen ditu urte osorako ahalbidetu den turismo-teknikari berriari esker. Elementu hauen baitan, proiektu berria errealitate bihurtzeko baldintzak eman dira. 

Espazio berri honen aukerak zukutu nahi izan dira, hainbat aukera berriren artean, lehen sektoreari bulkada bat emanez. Adela Arlegi zinegotzia eta Itsasne Mendiberri elikadura teknikariaren arteko elkarlanean eman ziren aurrera pausuak. Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako ekoizleak biltzen dituen Mendiberriren Bertako elikagaiak liburuxka aintzat hartuta, bulegoaren zati txiki bati bizigarritasuna atxiki diote. 

Arlegik dio «turismo jasangarria bertako kontsumoarekin lotuta dagoela». Agroekologian sinisten du; hurbileko kontsumoan, inguruarekiko errespetuan:

«Turismo jasangarria nahi badugu aipatutakoa errespetatu behar dugu: ingurua errespetatu behar da , bertako produktuak kontsumitu».

Erosketa ohiturak supermerkatuetara edo Internetera bideratzen ari diren garai honetan, Adelarentzat ezinbertzekoa da lehen aipatutako balore eta kontsumo ohitura jasangarriak erraztea eta bermatzea. Horrela, txoko berri honen helburuetako bat, «kontzientzia piztea» ere bada zinegotziarentzat. «Jende pila bat dago gure eskualdeko ekoizleak ezagutzen ez dituena».

«Apustua da bertan kontsumitzea, bertako merkatalgoetan erostea, bertako zerbitzuak erabiltzea, hemengo ekoizleei erostea. Nik ez badut produktu bat ezagutzen, ez baditut bertako ekoizleek egindako produktuak ezagutzen, ez naiz hurbilduko, ez dut erosiko».

«Espazio bat utzi diegu ekoizleei, merkatu batean bezala. Guk  ez dugu ezer irabazi nahi, guk nahi duguna da sustatu. Nahi duguna da jendeak hemengo ekoizleen produktuak ezagutzea. Alde batetik turistek, eta bertzetik hemengoek».