«Urruñako batekin zerikusi gehiago» dauka Lazkanotegik «Tuterako batekin baino». Horregatik, muga beharrezkoa ez den zerbait dela dio, naturala ez den zerbait. Era berean, ABENA proiektuak mugak gainditu nahi ditu, Betizuaren kudeaketa administratibo bateratuaren alde apustu eginez. Hortaz gain, abeltzainak geroz eta zaharragoak diren honetan, gazteak animatzeko erreminta bat izan nahi du, animaliarekiko ezagutza belaunaldi gazteagoetan ere sustatuz.
Lazkanotegik sasi-ardiak dauzka eta Nafarroako Sasi-ardi Elkarteko lehendakaria da. Hori dela eta, iparraldeko artzainekin eta bertako elkarteekin harreman ona izan du beti. Beraien bilkuretara gonbidatu izan dute; proiektu bateratuetan parte hartuz, harremanak sendotu eta mantendu arte.
Konturatu ziren betizuekin bazeudela oztopoak. Hori apurtu nahi zuten lehenago ere elkarlanean aritutako abeltzainek. Sarako udaletxean elkartu ziren azkenik, Bordeleko Arraza Kontserbatorioko buruekin, eta betizuaren inguruko diagnostiko bat egitearen beharra ondorioztatu zen. Betizuarekiko ezagutza paper batean garbiki eta objektiboki adierazi behar zen. Modu honetan, ABENA proiektua jarri zen habian.
Betizua
«Behi gorri bat, Bos taurus primigenius espezietik zuzenean heldu den behi arraza da Betizua; jatorri honekiko ezaugarriak hobekien kontserbatu dituen animalia. Hau ez da erraz eskuetara etortzen eta horrek bere iraupena baldintzatzen du, hortaz gain, gure produkzio sistema honetara gaizki egokitzen da».
Hitz hauekin aurkeztu digu betizua Lazkanotegik. Beratarrak animalia miresten du, eta hori nabaritzen da. Izan ere, Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeak elkartzen dituen ABENA proiektuko partaide da. Hiru lurralde hauen arteko sare sendoa sustatzea proposatzen du proiektuak, hauen arteko ezagutza partekatzeko asmoz eta elkarrekin kontserbaziorako estrategia bateratuak sortzeko asmoz, kudeaketa iraunkorra zainduz.
«Gure gizartea banatzen ari da, banatzen ari da zer den landagunea eta zer den herria, urbanoa eta basoaldea. Urbanizatua dago Euskal Herria. Garai batean baserriek eragin handia zeukaten. Gauza ederrak egin zituzten, euskara salbatu zen baserrietan. Landaguneekiko lotura apurtu da, eta hurrengo belaunaldietan oraindik gehiago. Mendia gure parkeen luzapen gisa ulertzen dugu. Baina, mendira joatean bertako ekosistemak eta orekak errespetatu eta ezagutu behar ditugu, maitatu. Betizua hor badago, genetikoki altxor bat daukagu. Ezagutzen baduzu maitatuko duzu. Animaliarekiko pertzepzioa aldatu behar dugu», dio Lazkanotegik.
Animaliaren ezagutzari garrantzia ematen dio beratarrak, eta behiaren etimologiak berak jada zantzu batzuk ematen dizkigu. «Behi» eta «izu» hitzak elkartuz osatzen da behiaren izena. Patxik dio «eskapu egiten duen» animalia dela betizua, horregatik dela izua. «Jendeak ez du betizua ezagutzen, beldurrarekin lotzen du».
Animalia mantentzearen beharraz ere solastatu da abeltzaina:
«Hausnarkariak behar ditugu, belarjale handiak, baina ez daude. Ez ditugu behar bakarrik suteak saihesteko, orekak mantentzeko ere behar dira. Behar dugu fauna eskala guztietan. Desagertzen ari diren animaliak handiak dira. Kanpoko arrazak sartzen dituzte; guk hau daukagu, eta ezin mantenduz gabiltza».
Kudeaketa administratibo ezberdina Euskal Herriko lurraldeetan
Hegoaldean galzorian dagoen arraza moduan aitortu da betizua. Elkarteak sortu dira eta dirulaguntzak jasotzen dituzte. Erkidegoan era intentsiboagoan zaintzen dira. Ez daude hainbertze lur amankomun, horregatik soroetara edo baserrietara lotzen dira. Nafarroan, lur komunaletan eta mendian ibiltzen dira. Lapurdin badaude betizu talde pare bat, Mondarrain inguruan eta Xoldokogainan, bigarrenean zehazki bi populazio, era basati-basatian. Lapurdin betizua ondasun publiko moduan kontsideratzen da, ez jabetza pribatu.
Betizuaren izate naturalaren alde
«Animaliak inguru aberatsean egon behar du, orekarekin. Ezin da parke txikietara mugatu, hori animalia bat zoologikoan egotea bezala litzake. Hor dago, baino ez dauka zentzurik. Arrazaren berreskuratzea in situ egin behar da, bere parajean, ezin da deslokalizatu, baina gertatzen ari da. Abilara, Trujillora, Leonera eramaten ari dira Betizuak», dio Berako abeltzain eta albaitariak.
«Arraza hau berezia da, eta era artifizialetan kudeatu nahi da. Arrazak lurrari lotuta egon behar du. Xede bat behar du, eta iraunkorra izatea. Mendietan eta komunaletan egoteak badauka zentzua, baina arazo anitz ekar ditzake: jendearen presioa, sanidadea… zaila da».