Plakajerik gabeko txikientzako udako errugbi sasoia abiatzen du Txingudi Rugby Klubak

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 1a

Uztailaren 2an hasten diren TxikiUda eta TxingUda udalekuetan 100 haurrek eman dute izena orain arte, eta arrakasta lortu badu ere, uztailaren 24a arte astez aste izena emateko aukera zabalik mantenduko dute 6 eta 14 urte artekoentzat. Bestalde, uztailaren 11n (10:00etatik 15:00etara) plakajerik gabeko Hondarribia Beach Rugby txapelketa antolatu dute hondartzan, errugbi inklusiboko erakustaldi batekin.

Txingudi Rugby Klubak uztailaren 2an emango dio hasiera udan antolatutako ekintzei. Inoiz errugbia probatu ez duten haurrentzat, zein gustokoa dutenentzat, eskaintza berezia proposatzen dute TxikiUda eta TxingUda udalekuekin. Klubeko ordezkariek aditzera eman dutenez, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendutakoak dira, eta aurten arrakasta handia izan dute udalekuen izen-emateetan. Izan ere, 100 haurrek eman dute izena bi programa hauetan. Udalekuak uztailaren 24ra arte luzatuko dituzte, eta argitu dutenez, interesa duen orori irekita mantenduko dute, astez aste apuntatzeko aukera ematen baitute. 

Xabi Sanchez, udalekuetako koordinatzaileak aditzera eman duenez, bi talde nagusitan banatuko dituzte parte-hartzaileak, «haien beharretara egokitutako dinamikak eskaintzeko». Argitu dutenez, batetik, 6 eta 7 urteko haurrek San Marcial Eskaut-Gia taldeko monitoreekin batera arituko dira, jolas kooperatiboak eta ingurumenarekin lotutako ekintzak burutuz. Eta bestetik, 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek hainbat jolasekin gozatzeaz gain, errugbia deskubritzeko aukera izango dute, xede horrekin bereziki prestatutako dinamiken bidez.

Hortaz gain, haurrekin txangoak egingo dituzte eskualdeko hainbat txokotan, hala nola Plaiaundiko parkean, Osinbiribilgo eremuan edota San Martzialeko igerileku publikoetan. Gainera, udalekuetako partaide bakoitzari klubetik landu duten "Errugbiaren abentura" komikiaren ale bana emango zaio, kirol honen balioak eta arauak modu dibertigarrian ezagutu ditzaten.

Bestalde, klubak udan antolatutako aparteko ekintzen artean, uztailaren 11n, Hondarribia Beach Rugby jardunaldia ospatuko dute. Joan den urtean arrakasta handia izan zuen, eta klubaren hitzorud klasiko honen edizio berri bat prestatu dute, hondartzako plakajerik gabeko errugbi txapelketa batekin. 

Uztailaren 11n ospatuko da Hondarribiko hondartzan, 10:00etatik 15:00etara, eta partidak plakajerik gabeko errugbi modalitatean jokatuko dituzte. Iragarri dutenez, topaketa honetan ohikoa bihurtu den errugbi inklusiboko erakustaldia egingo dute Hernaniko errugbi inklusiboko taldearen eskutik. Taldeen izen-ematea oraindik irekita dago. Informazio osoa www.txingudirugbyclub.eus/beach weborrian aurkitu daiteke.