Gipuzkoako EH Bilduren arabera, «ibilgailu kopuruaren hazkundeak eta errepide sarean urteetako inbertsio faltak, trafikoa erronka handienetakoa bilakatu du gaur egun». Oihana Briones, Irungo EH bilduren bozeramaileak argi du, alde horretatik, «egungo egoera iraultzeko» beharra dagoela, eta horretarako EH Bildu Bidasoa Eskualdeko Mugikortasunerako Plan Integrala landu du azken hilabetetan. Eta plan horretan oinarrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak (Amute-Gibeleta) GI-636 eta N-638 errepideak lotuko dituen saihesbide berriaren proiektua hobetuko lukeen alegazioa aurkeztu berri dut.
Aldundiaren bypass proposamena
Gogoan hartu behar da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoko trafikoa hobetzeko 50 milioi euroko Plan Integrala iragarri zuela iaz, Irungo eta Hondarribiko udalekin adostuta. Eta Azken Portuko biribilgunearen lanak abiatu berri dituztela. Aldiz, plan horren baitan, joan den maiatzean Hondarribian 2026ko urte bukaerarako abian jarri nahi dituzten obra ezberdinen berri eman zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak. Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin batera,
orotara 12 milioi euro inguruko inbertsioa iragarri zuen bost esku-hartze ezberdinetan.
Horietariko bat, oraindik ere adostu beharrekoa dute. Hain justu, Irun-Hondarribia arteko Mendeluko errepidea auzo-bidea bilaka dadin asmo baitute, merkataritza-jarduera, eta bi udalerrien arteko oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari lehentasuna emateko. Izan ere, auzoa Plaiaundirekin lotuko duen bidegorria egiteko proiektuak Kosta Agintaritzaren baimenekin duen atzerapen handia kontuan hartuta, Eider Mendozak azaldu zuen «behin betiko proiektua bilakatuko den alternatiba» bilatu nahi izan diotela Gipuzkoako Foru Aldundian.

Mendeluko Amutaldeko bidegorria eta bidearen egokitzapen lanak 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua beharko dutela argitu du Felix Urkolak. Hala ere, Hondarribiko lurretan egin nahi dituzten esku-hartze handiena gauzatu artean ezingo dute Mendeluko egin. Amutaldeko errepideak egunero jasotzen dituen 13.000 ibilgailuak hartuko dituen alternatiba bat beharrezkoa baita. Alde horretatik, 6,7 milioi euroko inbertsioa egin nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak (Amute-Gibeleta) GI-636 eta N-638 errepideak lotuko dituen saihesbide berria egiteko. Bi biribilgune aurreikusten dituzte bi errepide hauetan, Jaitzubira doan errepidean bat (Uliazpi zentroaren alboan), eta bestea Irungo saihesbidearen gasolindegiaren aldamenean (Gibeletako adinekoen egoitzaren aurrean) bestea.
EH Bilduren alegazioa
Haatik, EH Bilduren ustez, «ez da nahikoa egungo egoera iraultzeko, trafiko nagusia mantsotuko duelako». Azken batean, aldundiak proposatzen duena egungo Mendeluko errepideak jasotzen duen trafikoa beste bide batetik desbideratzea da, bypass baten moduan. Garoa Lekuona, Hondarribiko EH Bilduren bozeramaileak aukera aprobetxatu nahi du «urteetako aurreikuspen eta inbertsio faltak eragin duen saturazioa arintzeko». Bere ustez, «egungo egoera jasanezina da, autolerroak ohikoak dira bidasotarrentzat, eta udako hilabeteetan ibilgailu kopurua nabarmen handitzen da». Hortaz, egoerari aterabidea bilatzeko GI-636 eta N-638 errepideak lotune batekin elkartu baino gehiago beharko da.
Oihana Briones, Irungo EH Bilduren bozeramaileak argi du, irundarren ikuspegitik «Irungo saihesbidean altuera bereko biribilgune batek ez duela arazoa konponduko, errepidearen ahalmen operatiboa murriztu baizik, ospitalekoarekin gertatu den bezala».
Hortaz, alturazko biribilgune bat eraikitzea jaso dute haien Plan Integralean. «Fluxu nagusia eta lotura mugimenduak bereiztea» proposatzen dute, trafiko nagusia eten gabe. «Uliazpi parean bi errepide hauek elkar topo egiten duten lekuan dagoen altuera kota aprobetxatuta, lotune funtzioak egingo dituen biribilgune bat proposatzen dugu altueran, eta azpitik bi errepide nagusien zirkulazioak zuzenean jarraituko luke» argitu du Garoa Lekuonak.
Bi errepide hauek Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldetik eskualdea zeharkatzen duten ibilgailuek erabiltzeaz gain, bidasotarren eguneroko desplazamenduetarako ardatz nagusia direla nabarmendu du EH Bilduk. Eta etorkizun batean Irungo Hegoaldeko Saihesbideak ibilgailu kopurua apaldu dezakeela aurreikusten bada ere, «azterketa eta aurreikuspenak besterik ez dira horiek» Lekuonaren arabera. Hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2027an hasi nahi dituen lan hauek berrikusi eta «konpontxo puntualak egin beharrean, konponbide iraunkorrak» bilatzeko eskatu du koalizio subiranistak. Izan ere, «bidasotarrok urte gehiegi daramatzagu itxaroten», kexu dira Irungo eta Hondarribiko hautetsiak.