Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo eta Hondarribiko Udalek Bidasoaldea zeharkatzen duen zirkulazio handia arintzeko eta barne mailako desplazamenduak erosoago izan daitezen, bide azpiegiturak «konponbiderako tresna bezala» irudikatu zituzten iazko martxoan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan hiru erakundeetako ordezkariek egindako agerraldian, Bidasoaldeko trafiko arazoak konpontzeko eta «jauzi bat emateko», 50 milioi euroko inbertsioko asmo handiko plana aurkeztu zuten. Eta urtebete beranduago, Hondarribian 2026ko urte bukaerarako abian jarri nahi dituzten obra ezberdinen berri eman du Eider Mendoza diputatu nagusiak gaur. Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin batera, orotara 12 milioi euro inguruko inbertsioa iragarri du bost esku-hartze ezberdinetan.
2023az geroztik aurrera eramandako elkarlanak emaitza eman duela nabarmendu du Igor Enparanek. Hondarribiko alkateak azaldu duenez, «duela hiru urte aldarrikapena zena, lankidetzarako konpromisoa bilakatu zen, eta hemen dugu hainbat hamarkadatan luzatu den arazoari plan integrala». Izan ere, Hondarribiko alkatearen ustetan, datozen asteetan esleituko dituzten obra proiektuek eraldaketa nabarmena ekarriko dute Hondarribiko sarrera-irteeretan ez ezik, Irun hiriarekin loturetan, eta Mendelu auzoak izan duen aldarrikapen historiko bati erantzunez.
Amutaldeko saihesbide berria eta Mendeluko auzo-bidea
Amutaldeko errepidea 13.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero, eta auzoa Plaiaundirekin lotuko duen bidegorria egiteko proiektuak Kosta Agintaritzaren baimenekin duen atzerapen handia kontuan hartuta, «behin betiko proiektua bilakatuko den alternatiba» bilatu nahi izan diote Gipuzkoako Foru Aldundian. Eider Mendozak azaldu duenez, «alkateak behin behineko alternatiba bat aztertzeko eskatu zigun, eta ikusita lan hauek guztiek ekarriko dituzten aldaketak, behingoz benetan ekarpen izugarria egingo dio Bidasoaldeko mugikortasunari».

Hala ere, hau gauzatu ahal izateko, aldundia eta udalaren arteko hitzarmena sinatu beharko dute, proiektua idatzi eta obrak esleitu. Baina Igor Enparan breziki pozik agertu da proiektu honekin Mendeluko bizilagunak ez ezik, bidasotar asko asebeteko dituelakoan baitago. Mendeluko Amutaldeko bidegorria eta bidearen egokitzapen lanak 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua beharko dutela argitu du Felix Urkolak. Hala ere, gaur aurkeztu duten proiektuen artean idaztear dagoen bakarra da. Gainerako guztiak jendaurrean ikusgai baitaude, eta urte honetan lizitatuko dituzte.
Hain justu, Mendeluko bidegorria epe luzeagoko egitasmoa bada, aurretik aldundiak azpiegituretan egingo dituen gainerako proiektuak eginak beharko dituztelako ere bada. «Eremuaren konplexutasuna handia baita», gogoratu dute agintariek.
Alde horretatik, GI-636 eta N-638 errepideak lotuko dituen saihesbide berria «giltzarri» izango da Mendozaren esanetan. «Amutaldeko zirkulazioa arinduko du, eta bidegorri lotura ahalbidetuko du, baina Irunekin lotura berria egingo du ere, eta etorkizuneko Zubietako parke teknologikoaren sarbidea izango da». Bi biribilgune aurreikusten baitituzte bi errepide hauetan, Jaitzubira doan errepidean bat (Uliazpi zentroaren alboan) eta Irungo saihesbidearen gasolindegiaren aldamenean (Gibeletako adinekoen egoitzaren aurrean) bestea.
Esku-hartze honetarako 6,7 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta obrak hasiko direnean 18 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. Ondoren egingo lukete Mendelu auzoko esku-hartzea. «Bidegorria eta oinezkoentzako espaloi egokiak egingo ditugu, eta ibilgailuentzat bideak estuagoak izango dira abiadura mantsotzeko eta eremuari itxura eta bizimodu urbanoagoa emanez», argitu du Mendozak.
Izan ere, Irun-Hondarribia arteko Mendeluko errepidea auzo-bidea bilaka dadin asmo dute, merkataritza-jarduera, eta bi udalerrien arteko oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari lehentasuna emanez.
Amuteko lotura eta bidegorria
Hondarribiko bide-azpiegiturak hobetzeko planak beste 3,4 milioi euro aurreikusten ditu aireportuko Amuteko sarreran. Batetik, N-638 errepidean (Amutalde kalea) biribilgune berri bat eraikiko dute semaforoek kudeatzen duten bidegurutzea ordezkatzeko. Esku-hartze honetan 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta honi esker, herriko sarrera-irteeretan autolerroak ekidin ahal izango direlakoan daude agintariak.
Bestalde, bidegorri berri bat eraikiko da. Aireportuko errepidearen paraleloan dagoen oinezkoentzako ibilbidean osatuko dute, txirrinda zein oinezkoentzat, Alamedan dagoen bidegorria Amuteko zatiarekin lotzeko. «Orain arte Kostako bide zaharretik bideratzen genituen bizikletak, baina bidegorri honekin lotura zuzena izango da», azpimarratu du Eider Mendozak. Bidegorri honetan 2,07 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Eta argitu dutenez, gerora Mendelun egingo den bidegorriarekin lotzeaz gain, dagoeneko Jaitzubira doanarekin osatuko da txirrinden ibilbidea.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribian aurreikusi dituen hobekuntzen artean, Guadalupeko santutegi aurreko eremua dago. «Besteekin alderatuta inbertsio edo egitasmo txikia dirudi, baina gaur egun elizaren aurreko eremua arriskutsua dago», argitu du Felix Urkola foru diputatuak.
Hartara, 404.886 euroko aurrekontua duen proiektua egingo dute, oinezkoen segurtasuna eta santutegiaren inguruko irisgarritasuna hobetzeko. Azaldu dutenez, oinezkoentzat hiru zebra-bide egingo dituzte, eta bidearekin parekatutako 5 metro zabaleko plataforma bat sortuko dute zirkulazio baretu eta oinezkoei lehentasuna emateko. Era berean, 20 kilometro orduko abiadura muga ezarriko dute santutegia eta begiralekuaren eremua seguruagoa izan dadin.