Fernando Mikelarena historialari beratarrak Altzateko plazan hasi eta Herriko Etxeko plazan amaitzen ditu memoria ibilaldiak. Uztailaren 4an hasi zituenetik, jada hiru ibilaldi jendetsuk zeharkatu dute herria. Pasaden larunbateko bisita gidatua berezia izan zen; izan ere, faxismoaren itzala zabalarazi zuen eztandak 90 urte bete zituen egun hartan. Gainera, zorigaiztoko egun hori ere larunbatarekin jazo zen. Horrela, bertaratutakoek garai hartako egutegiaren baitan irudikatu ahal izan zituzten tentsio handiko lehen egun horiek.

Altzatetarren Dorrearen Akademia
Fernando Mikelarenaren elkarte kulturalaren lehen fruituak ezagutu ditugu uztaila honetan. Ekainean eman zuen akademia honen berri. Dibulgazio-jarduera desberdinak gauzatzeko helburuarekin sortu zen, eta asteburu honetan baieztatu dugun moduan, lortu. Hiru oroimen pasealdi gauzatu dituzte jada, eta guztiz arrakastatsuak izan dira.
Oraingoan, Gerra Zibilaren hasierako pasarteetara egin dute bidaia herritarrek. Egunero zapaltzen ditugun soro, bidezidor, txoko, larre eta etxeak bertze betaurreko batzuekin begiratzeko aukerarekin: memoria, erreparazioa eta aitortzaren betaurrekoekin. Beran ere faxismoaren garro lazgarrienek bazterrak urratu zituzten, eta oraindik ere entzuten dira zaurien oihartzunak.
Mikelarenaren kontakizun xehe guztiek iragana argitasun gehiagorekin irudikatzera garamatzate. Garaia bizi izan zutenen deskribapen zehatzak eskaintzen ditu historialariak: beratarren izen-abizenak, itxura fisikoaren zantzuak edo bakoitzaren izaeraren aipuren batek horien argazki bat irudikatzera bulkatzen gaitu. Hortaz gain, pasarteen kokalekuak parez pare izanik, karabineroen erresistentzia, UGT sindikatuko militanteen ihesaldiak, liburuen erretzeak, Barojatarren bizipenak, kontrabandisten interesak, erreketeen presentzia, Endarlatsako zubiaren leherketa, fusilamenduak eta askoz ere informazio gehiago film baten modura irudikatzera animatzen gaitu.

¡Al rescate de Baroja!
Errealitatearen mugak gaindituz, fantasiak ere badauka lekua ibilaldi hauetan, guztiz lotuak baitaude Mikelarenaren hirugarren nobelarekin. ¡Al rescate de Baroja! Beran, ekainaren 25ean aurkeztu zuen. Gerra zibilaren lehen mementoetan kokatzen da nobela. Horregatik, ibilaldi hauek ere aukera paregabeak dira, nobelako pasarte, kokaleku eta bitxikeria gehiago ere ezagutzeko.
Hitzordu gehiago
Uztaileko azken memoria ibilaldia 24an izanen da euskaraz. Hala ere, abuztuan ere aukera egonen da Bortzirietako herri honen historia hurbila ezagutzeko. Abuztuaren 14an eta 29an gaztelaniaz eskainiko dira bisitak, euskaraz berriz, abuztuaren 22an. Goizeko 11:00an Altzateko plazatik abiatuko da jarduera, eta academiadelatorredelosalzate@gmail.com helbidean egin beharko da izen ematea.