1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren hondarrean, Euskal Herriko 70 alkate Bergaran elkartu ziren foruen abolizioaren mendeurrena oroitarazteko eta autogobernuaren aldeko aldarria berritzeko, eta bidenabar, ikurrinaren ofizialtasuna eskatzeko. Lehen aldiz zintzilikatu zuten Bergaran ikurrina, eta ondorengo asteetan herriz herri errepikatu zen irudia, tartean Beran.
Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta alkateen mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko ekitaldia egin zuten igandean Bergaran, eta Euskal Herriko osoko 177 udaletako ordezkariak bildu ziren bertan. Beratik Patxi Castillo alkateordea joan zen alkate-makilarekin, eta herriko bandera Ritxi Abrilek eraman zuen, orain 50 urte Beran ikurrina lehen aldiz jarri zuen Juan Enrique Abril alkatearen semeak. Udalak Abrilen seme-alabei eskaini zien herriko ikurra eramateko ohorea.

Ekitaldia EAJko eta EH bilduko udal ordezkariek babestu zuten, eta Bergarako adierazpena argitara eman zuten. Bertan, Euskal Herriko nazio nortasuna aldarrikatu zuten, eta Euskal Herriaren eskubide politikoak aitortzeko eskaerarekin batera, nortasuna, historia eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea eskatu zuten. Udal demokraziaren tradizioa, foru askatasuna eta autogobernuaren beharra aldarrikatu zituzten; horiek baitira berezkoak dituen hizkuntza, kultura, nortasun historikoa eta borondate kolektiboari eusteko giltza.