"Pertur" omendu eta egiaren exijentziarekin bat egiteko ekitaldia antolatu dute larunbatean Avenida Zubian

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 24a

Uztailaren 23an 50 urte bete dira Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" desagerrarazi zutenetik, eta bere kide eta lagunek omenaldia antolatu dute Irungo Avenida zubian, uztailaren 25ean, 12:00etan. Xabier Euzkitzek aurkeztutako ekitaldian "Pertur. Egia Nahi" agiria ezagutzera emango dute, eta egiaren exijentzia horri bere ahotsa gehitu nahi dioten pertsona guztiak gonbidatuak daudela iragarri dute.

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" desagerrarazi zutela 50 urte bete diren honetan, Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) ETA politiko-militarreko buruzagiaren desagerpenari buruzko ikerketaren ondorioak aurkeztu berri ditu joan den astean. Txostenak dioenez, bildutako lekukotzek eta dokumentazioak estatu-egiturekin lotutako operazio planifikatu baten hipotesia indartzen dute. Aldi berean, ETA politiko-militarreko "Bereziak" taldeari egotzitako erantzukizuna baztertzen du.

GBEhatokiak Espainiako Estatuari dokumentazio sekretua desklasifikatzeko eta familiari egia argitzen laguntzeko eskatu dion bitartean, "Pertur. Egia Nahi" lelopean, bere kide eta lagunek omenaldia antolatu dute Irungo Avenida zubian, uztailaren 25ean.

Ekitaldia 12:00etan egingo dute, eta iragarri dutenez, Xabier Euzkitzek aurkeztuko du. "Pertur. Egia Nahi" agiria ezagutzera emango dute bertan, eta ildo beretik, egiaren exijentzia horri bere ahotsa gehitu nahi dioten pertsona guztiak gonbidatuak daudela iragarri dute.