2025eko udazkenean obrak hasi baino lehenago zabaltzen zen Altzate karrika zaharretik pasatzen ziren 4000 ibilgailu baino gehiago ohitu dira honezkero alternatibazko bertze bide batzuk igarotzera. Errail bakarreko errepide zulatuek eta pazientzia handiz itxaron beharreko semaforoek baldintzatu dute Berako trafikoa hilabete luzez. Horregatik, pozarren, ezohiko egoera honek merezi izan duenaren zantzuak sumatzen hasiak dira herritarrak uztaila hondarrerako, Berako besten atarira.
Uztailaren 27an, astelehenean hasi zituzten Altzate karrikako asfaltatze lanak. Astelehenetik asteazkenera asfalto likidoz inprimatuko da hormigoizko plakaren gainean, goiko asfaltozko geruzaren itsaspena ziurtatzeko. Bihar arte debekatuta egonen da galtzadan sartzea, oinezkoak espaloitik pasa beharko dira inprimaketan eraginik ez izateko.

Berako bestak ate joka dauden honetan asfaltatze prozesua hasi badute ere, ortziralerako, uztailaren 31rako aurreikusi dute emaitza osatua. Berako bestetarako beraz, kalea prest izanen dute beratarrek. Hala ere, udalak ohartarazi duenez, Mukixuko zubian eta Julio Caro Baroja eta Eztegara arteko bidegurutzean lanean aritzean, zailtasun handia izanen dute ibilgailuen pasabideko asfaltatze lana eta trafikoa bateragarri egiteko. Honen harira, udalak jakinarazi du asfaltatze lanaz arduratzen den enpresarekin lanean ari dela trafikoari gutxien eragiten dion lan-sekuentzia aztertzeko, eta beharrezkoa balitz, desbideratze aukerak bilatzeko. Langileei astelehen eta asteazken bitartean hornidura lanak aurreratzea eskatu zaie, ortzegun eta ortziralean izan daitezkeen auto-ilarak saihesteko. Izan ere, eragin handiagoa izanen da banaketa-kamioentzat eta bertze zerbitzu batzuentzat.
Aldaketa gehienak ikusten ez direnak izan diren arren, kanpotik ere anitz aldatu da herria. Antxeta irratiari, Esteban Agirrek azaldu zion moduan «bertze karrika bat ikusiko dugu, bertze egoera batean. Pazientzia behar da, eta guztiok gure aldetik ahalegina egin beharko dugu gauzak ongi joan daitezen».