«Argi dugu txosna batzordearen eginkizuna guk nahi dugun besta eredu horren alde egitea dela, besta eremu bat balio batzuen bueltan eraikitzea, ez dugulako ulertzen besta soilik alkoholarekin lotutako zerbait denik. Uste dugu bestak gai direla gizartera balio aldarrikatzaile batzuk zabaltzeko. Horretan aritzen gara eta horretan aritu gara».
Hitz horiekin laburbildu digu Ekhiñe Zapiainek txosna batzordearen muina. Hilabeteak pasa dira hiru eragileetako kideak elkartzen hasi zirenetik, eta ezustean, bestak ate joka dituzte. Puzzlea osatzeko azken piezak jartzea bertzerik ez zaie falta hilabete hauetako lanaren emaitza osatuaz gozatzeko.
Berrikuntza nagusiak
Txosnagunea bideratzeko funtsezko pausuak emateaz gain, buruhausteen tartea ere izan dute aurten antolatzaileek. «Nola egin balio zehatz batzuk zabaltzeko?, Gai batzuk mahai gainean jartzeko?, Ze gai?, Nola egin?»
Galdera horiek guztiak erantzuteko asmoz proposamen ugari eztabaidatu dituzte, eta azkenik, lortu dute herria eta herritarrak zeharkatzen dituzten problematikak lantzea, zaila dirudien arren, jai giroan.
Lehen sektorearekiko jakintza sustatzea
Abuztuaren 5ean, asteazkenean, lehen sektorea izanen da protagonista txosnagunean. «Ikusten genuen Beran, bertze leku batzuetan bezala, distantzia handia dagoela herrigunetik landa eremura. Geroz eta gizarte modernoagoan bizi gara; lehen sektorea dirudi belaunaldi zaharren kontua dela, baina ez da horrela. Beran baditugu lehen sektoretik bizitzeko apustua egin duten gazte batzuk. Maialen Txantre baratzezaina edo Harri Maritorena abeltzaina». Zapiainen hitzetan, solasaldi bat besta eremutik at aurkitzen ahal dugun ekintza bat da boteprontoan; horregatik, hitzaldia pintxo dastaketarekin uztartuko dute. Dastaketa kontzientea izanen da. Bertako produktuak eskainiko baitira, Xardango elkarteak luzatuko dituen produktuak. «Harri eta Maialenek beraien esperientzia kontatuko digute, giro polita sortuko da aperitibo tenorean txosnagunean».
Besta eta umorea
Hortaz gain, umorea ez da faltako Berako besta hauetan. Zehazki, txosna batzordeak hurbileko umoristei bulkadatxoa eskainiko baitie. Zapiainen arabera, geroz eta ohikoagoak dira umore saioak; horrela pentsatu zuten proposamen interesgarria izanen litzakeela Beran ere umoreari tartea eskaintzea, eta zer erranik ez, Berako umoristei. Xabi Arraztoari gonbita luzaturik, bi lagunen konpainian (Eñaut Zuazo eta Erik Urbieta) eskainiko dituzte bakarrizketak, eguerdiko 13:00ean.
Bertsolaritzaz gozatzeko parada
Bestei giro goxoan amaiera emateko asmotan, bertso saio musikatua antolatu dute Berako gazteek. «Bertsolaritza bada kultur adierazpide bat, formatu desberdinetara egokitzeko gaitasuna duena. Bera ez da bereziki herri bertsozale bat, baina ikusten genuen formatuarekin asmatuta posiblea zela bertsolaritzari lekua eskaintzea, eta jendea hurbiltzea».
Azkenik, Ekhiñe Zapiainek gogorarazi du txosnagunean ez dela inolako erasorik onartuko, eta «ez badakizu egoten, ez zarela ongi etorria».
