Kepa Ordoki - Memoria HIstorikoa Bidasoan

Ostrukaren Udalean, esklabotzari eta frankismoari men?

Peli Lekuona Arruabarrena 2026ko abuztuaren 11

Irungo Udalean ohikoa da ostrukarena egitea. Erantzunik gabe gelditzen dira herritar, eragile eta hedabideen zalantza kritikoak. Horren adibide izan daitezke OCR txapelketaren bueltan bidean gelditu diren prentsaurreko eta prentsa-oharrak edo Henry Mendezen kontzertuaren inguruko salaketak. Agerikoak izan daitezkeen zalantzek ez dute erantzunik jasotzen. Beraz, zer da egokiagoa? Bide formalak baliatzea edo zalaparta sortzea? 

Auskalo kexaren inguruko erantzuna non egongo ote den, baina Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak lehen aukera hautatu zuen apirilean. Kexaren oinarria hiriko espazio bati Josefina Urtizberea izena jartzeko proposamena izan zen. Izan ere, ekintzailetzaren munduan «aitzindaria» izatea argudiatuta, “Viuda de A. Fernández e Hijo” aduana agentziaren nagusiaren izenarekin izenpetu nahi dute Irungo plazatxo bat. Autoen inportazioko nazioarteko erreferentzia izan zela azaldu zaio gizarteari. Hala eta guztiz ere, argi-ilunak izan ditzakeen proposamen horretan, baztertuak gelditu dira ilun guztiak: Kuban bizi zenean, Josefina Urtizbereak esklaboak izan zituen bere etxe-zerbitzuan eta 1936. urteko estatu kolpearen osteko mugimendua babestu zuen.

Urtizbereak Kuban ezagutu zuen Andres Fernandez aduana funtzionarioa, eta 1888. urtean heldu ziren Irunera, Cienfuegoseko etxea utzita. Ibilbide horren inguruko artikuluek baieztatzen dutenez, «Urtizberea-Fernandez senar-emazteek esklaboak izan zituzten etxe-zerbitzuan». Hori «dokumentatua» dagoela ziurtatzen da. Hemen utz genezake idatzi hau. Edozein administrazio publiko edo herritarrek 2026. urtean ez lioke errekonozimendurik eskainiko menpeko esklaboak izan dituen edonori. Irunen hori egiteko asmoa egon da. 

Bestetik, zinez esanguratsua da “Vda. A. de Fernández” aduana agentziak 1936ko estatu kolpean egindako ekarpen ekonomikoa. 1938an, hala erantzun zioten gutun batean, Jose Ramon Aguirreche, Irungo bigarren alkate frankistari: «Gure etxeak 100.000 pezeta eman zizkion Gudaroste Loriatsuari Mugimendu Loriatsua lehertu zenean». Hori nahikoa ez, eta 1936ko azaroan, aduana agentziak lau oheko Peugeot markako anbulantzia ekarri zuen Parisetik karlistentzat. Horretarako, 26.000 pezeta eman zituen Nafarroako Diputazio kolpistak, Joaquin Baleztenaren bitartez. 

Izendapena burutzeko «ekintzailetza» azpimarratzen denean ez legoke gaizki Jose Maria Berastegui Echevarriaz oroitzea. Bera ere autoen inportazioan ibiltzen zen, baina Irungo matxinatuek jopuntuan jarri eta horretaz probestu zen “Vda. A. Fernández” aduana agentzia. “Historia de una infamia” liburuan azaltzen denez, bere aurkako jazarpenaren argudio nagusia «lehiakidearen ezabapena» zen. «Bilauen berezko prozedurak eraman ziren borrokara», esan zuen. 

Egitate horiekiko guztiekiko kontra-argudioa izan daiteke Josefina Urtizberearen eta Santiago Fernandezen harremana, eta erru guztiak semeari egoztea. Hala ere, idatzia dagoenez, «adinekoa izan arren, Josefina egunero joaten zen bere bulegora, altxatzea lortu zuen enpresa kontrolatuz». Ezer gutxi gehitu daiteke horrelako zerbait irakurri ostean. 

Jazoera horiek bateraezinak dira «figura esanguratsu» izatearekin; zer esanik ez hiriko oroimen politikek oinarri duten printzipioekin. Ezin daiteke horrelako errekonozimendurik egin. Horixe bera esan zuen Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak apirilean. Lau hilabete pasa dira eta ez da erantzunik egon. Hau da, ostrukak ez du burua zulotik atera.