Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri bat eman du Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralean. Planak 50 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du, eta horietatik 12 milioi euro Hondarribiko errepide-sarea hobetzeko bideratuko dituzte. Hondarribiko esku-hartzeen plangintza joan den maiatzean aurkeztu zuten, eta besteak beste, Mendelu auzoan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko proiektu bat egiteko asmoa aurreratu zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak Amutaldeko errepidean.
Hondarribia eta Irun lotzen dituen bide hau 13.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero, eta auzoa Plaiaundirekin lotuko duen bidegorria egiteko proiektuak Kosta Agintaritzaren baimenekin duen atzerapen handia kontuan hartuta, «behin betiko proiektua bilakatuko den alternatiba» bilatu nahi izan diote Gipuzkoako Foru Aldundian. Eider Mendozak azaldu duenez, «alkateak behin-behineko alternatiba bat aztertzeko eskatu zigun, eta ikusita lan hauek guztiek ekarriko dituzten aldaketak, behingoz benetan ekarpen izugarria egingo dio Bidasoaldeko mugikortasunari».
Iragarri zutenez, bidegorria eta oinezkoentzako espaloi egokiak egingo dituzte, eta ibilgailuentzat bideak estuagoak izango dira abiadura mantsotzeko eta eremuari itxura eta bizimodu urbanoagoa emanez. Izan ere, Irun-Hondarribia arteko Mendeluko errepidea auzo-bidea bilaka dadin asmo dute, merkataritza-jarduera, eta bi udalerrien arteko oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari lehentasuna emanez. Mendeluko Amutaldeko bidegorria eta bidearen egokitzapen lanak 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua beharko dutela argitu du Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak aste honetan aditzera eman duenez, Mendelu auzoa Amute eta Zubimuxuko biribilguneen artean zeharkatzen duen errepidea «bulebarizatzeko» proiektua idazteko lizitazioa ireki du. Proiektu horren barruan bidegorri berri bat eraikiko da errepide zati hori eraldatzeko eta auzoko bizitzara egokitzeko.
Jarduketa 550 metrotan zehar egingo da, Amutalde eta Mendelu kaleetatik doan eta Hondarribia eta Irun arteko komunikazio-bide nagusi gisa funtzionatzen duen errepidearen zatian. Horrela, bi udalerrien arteko trafikoan eta oinezkoen zein bizikleten joan-etorrien arteko bizikidetza hobetu nahi dute, eta aldi berean, errepidea auzoan bertan integratzea indartuko dute.
Argitu dutenez, espaloiak zabalera nahikoa izango du errepidearen bi ertzetan, eta bidegorri berri bat Irungo noranzkoan. Bizikleta-ibilbide hori auzoaren bi muturretan dauden tarteekin lotuko dute, bidegorrien tokiko sareari jarraipena emanez. Alde batetik, gaur egun Letxunborroko biribilguneraino iristen den bidegorriarekin lotuko da, eta, beste aldetik, Amute auzotik Hondarribiarekin lotuko den bidegorriari jarraipena emango dio, eta Aldundiak laster lizitatuko ditu haren obrak.
Aldundiak proiektua idazteko lizitazioa 43.347,93 euroko aurrekontuarekin egingo du, BEZa barne. Proiektua idatzi ondoren, obren lizitazioa egingo da, eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak aurreikusi du lanak 2027an hasi ahal izango direla.