Emakume txotxongilolariak lehen planora ekarriaz hasi ziren Irungo Txotxongilolarien Topaketa antolatzen 2024 urtean. Beste arte eszenikoetan ez bezala, Euskal Herriko txotxongiloen historian emakumeek izan duten garrantzia azpimarratu ondoren, iaz Bidasoaldera zabaldu zuten programazioa. Eta heldu den urriaren 2tik 4ra ospatuko dute hirugarren topaketan mundu zabalean erabiltzen diren txotxongilo teknika ezberdinetan erreparatuz, goi mailako emanaldiak proposatuko dituzte, bereziki Hondarribian.
Azken urteetan, Euskal Herri luze zabalean txotxongilolaritza teknika ezberdinetan ari diren konpainiak eta profesionalak elkartu ditu ekimen honek. Profesionalen artean saretzea ezinbestekoa dela uste baitu Ruben Mejutok, OMAK elkarteko kideak. Elkartea iaz eratu zuten, hain justu, topaketa hauetatik abiatuta. Azaldu digunez, «badira hiruzpalau konpainia handi, baina oro har pertsona bakarra edo bi lagunek osatutako konpainiak izan ohi gara Euskal Herrian». Aurten gainera, Ipar Euskal Herriko txotxongilolariak ere gonbidatu dituzte zenbait emanalditan.
Txotxongiloen egia
Zuzeneko emanaldiek haurtzaroko oihartzunak ekar diezaiekete askori gogora. Umeei istorioak kontatzen dizkieten pertsonaia irrigarriak ala beldurgarriak direlako ustea zabaldua da, baina «XX. mende hasieran antzerkiarekin batera istorioak kontatzeko zegoen euskarri bakarrenetarikoa» zela gogoratzen du Ruben Mejuto txotxongilolari irundarrak. Eta beraz, kultur-adierazpen honen erroetara itzulita, helduei zuzendutako emanaldietarako aproposa da ere.
Helduen mundura ekarriaz, pantailaren diktadura inposatzen duen gizarte honetan, «zuzeneko emanaldiek badute iraultzaileaz zerbait» Mejutoren ustez, eta «askatasuna gero eta murriztuagoa zaigun honetan, txotxongiloak istorioak kontatzeko eta autoritatea kritikatzeko euskarri dira, sistemaren transgresore izateko» sortu zirela aldarrikatzen baitu. Alde horretatik, txotxongiloek duten egiak haurren arreta piztu eta txunditu ohi baditu, «gizartea eraldatzeko lanabesak» ere badira.
Urriaren 2tik 4ra antolatutako programazioa bereziki familiei zuzendutakoa dela aitortzen du Omak elkarteko kideak. Baina deialdi berezia luzatu du Pausuko Xaia ostatuan (urriaren 3an 22:00etan) helduentzat antolatu duten Kabaret Gauaz gozatzeko. «Helduei kostatzen zaie halako emanaldietara hurbiltzea, baina benetan merezi du», dio. Bertan, adibidez, eskuin muturraren gorakadari kritika zorrotza egiten duen "Stalinen heriotza" ikusgarria aurkeztuko du Ostomila taldeak. «Ziur gaude batzuei bortitza irudituko zaiela, baina gure buruan dago, fikzioa baita, panpin bat da», argitzen du. Haiekin batera, Carlos Lopez tolosarraren harizko txotxongilo emanaldia, Marta Altzate ipuin kontalaria, Santi Sos kantautorea, Gus Marionetas taldea eta Andaluziatik datorren Samuel Scri artistak proposatzen duen antzerki politiko anarkistaren eskuko txotxongilo emanaldia izango da, txalaparta, musika eta Xaia ostatuaren eskaintza gastronomikoarekin batera.
Emanaldi gehienak Hondarribian
Nolanahi ere, aurtengo programazioak Hondarribia izango du erdigune. Izan ere, Olazabal parkean eta Kultur Etxean hainbat emanaldi jasoko dituzte. Jaialdiaren estreinakoan, Gus Marionetas talde nafarrak "Inaugurazioa" obra taularatuko du urriaren 2an 17:30ean Kultur Etxean. Eta urriaren 3an, Alde Zaharreko Olazabal parkean CIE Mouka konpainia lapurtarrak proposamen berezia egingo du 10:00etatik 14:00etara. Antolatzaileak azaldu duenez, obra haur eta familiei zuzenduta dago, eta familia bakar batentzat lekua duen gurdi baten barruan sartu eta mikroistorioak kontatzen dituen ikusgarria da. Goiz osoa emango dute esperientziaz gozatu nahi duten guztiei aukera emateko.
Hondarribian hasi eta itxiko dute topaketa. Igandean, 12:00etan, Barbara Rivas aktorearen parte-hartzearekin 3-6 urte arteko haurrentzat Nanua konpainiak Kultur Etxean eskainiko duen "Preludioak" ikusgarriarekin.
Formakuntza eta elkar ezagutza
Izan ere, aurtengo edizioan Euskal Herriko txotxongilolariak saretzeko topaketan formakuntza indartu nahi izan dute antolatzaileek. Alde horretatik, urriaren 2an, 19:00etan, "Memoria eta Tradizioa: Hiru Begirada Txotxongilo Herrikoiari" hitzaldia antolatu dute Polborinean. Bertan Philippe Saumontekin batera, Izabella Brochado, Espainiako estatu mailan txotxongilolaritzan doktoretza duen pertsona bakarraren ponentzia ere izango da. Mejutok azaldu duenez, Brasilgo mamulengo txotxongilolaritza teknikaren tradizioaz ariko da.
Azkeneko begirada Euskal Herrikoa izango da. Irungo Ostomila taldeko Ruben Mejuto berak eta Zoe Tamarak euskal pizkunde kulturalaz egiten ari diren ikerketa aurkeztuko dute lehen aldiz. Zehazki, Gerra Karlistak amaitu zirenetik hasi eta gaur egun arte, 1876-1936 urtaldian, txotxongilolaritzaren garapena aztertu dute.
Era berean, formakuntzaren arloan ere, Mario Copete aditua gonbidatu dute, eta txotxongilo ikusgarrietako Argiztapen Ikastaro bat eskainiko du irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean. Hondarribiko Kultur Etxean izango da 9:30etik 13:30era. Orotara 12 orduko ikastaroa izango da eta informazioa eskatzeko edota izena emateko txotxongilolarientopaketa@gmail.com helbidera idatzi behar da.