TeknoFrekuentzia

Zer da algoritmo bat?

Aitor Errazkin

Gaurko programan askotan entzuten dugun zerbaiti buruz hitzegingo dugu: algoritmoak. Gure bizitza digitala algoritmoz josita dago, baina badakigu zer den algoritmo bat? 

(maider) ba egia esanda, ni esango nuke ezetz. Algoritmo hitza entzutean askok zerbait txarra bezala identifikatzen dute, eta nire ustez, mistizismo puntu bat ere badago, zerbait urruna eta misteriosoa bezala ikusten da, barkatuko didazue alderaketa baina badirudi algoritmoak jaungoikoa bezala direla, gure bizitzetan eragiten du eta gu ezin dugu ezer egin... Horregatik gaurko programan algoritmoak zer diren azalduko dugu. Orduan, aitor, definizioa: Zer da algoritmo bat?

(aitor) Algoritmo hitzaren definizioa bilatu dugu hiztegian eta zera esaten du: Algoritmo bat agindu sorta bat da,  zeregin zehatz bat egiteko erabiltzen dena. Sarrera konkretu batetik abiatuta, eta algoritmoaren pausuak modu logikoan jarraituta, emaitza konkretu bat lortuko dugu. Baina, hau horrela ikusita, esan daiteke sukaldeko errezeta bat algoritmo bat dela. Hala da?


(maider) Bai, hala da. Hau da azaldu nahi nuen lehenengo gauza: algoritmoak existitzen ziren teknologika handiak baino lehen. Normalean sukaldean ez duzu algoritmo hitza erabiltzen, errezeta baizik, algoritmoa normalean matematikan edo konputazio zientzian erabiltzen den hitza da, eta errezeta sukaldaritzan, baina kontzeptua berdina da.  Sukaldean zure amamaren albondigak egin nahi badituzu, sarrerako ingrediente batzuetatik abiatuta, eta amamak agindutakoa zorrotz jarraitzen baduzu, hau da, algoritmoa ongi jarraitzen baduzu, amamaren albondigak lortuko dituzu. Ez baduzu ongi jarraitzen batek daki zer aterako den. Programatzaileek algoritmoak erabiltzen dituzte zerrenda bat alfabetikoki ordenatzeko, eragiketa aritmetikoak egiteko eta abar. 


(aitor) Sare sozial komertzialen algoritmoak sukaldeko errezetak baino handiagoak eta konplexuagoak dira. Sukaldean sarrera bezala 800 gramo patata, 400 gramo hegaluze, pipermina, tipula edukita eta pausu batzuk emanda marmitako bat lortuko duzu. Sare sozialetako algoritmoek, pertsonei buruz gordeta duten informazioa sarrera bezala hartuta, agertuko diren hurrengo edukiak itzuliko ditu. Eta pertsona bakoitzeko datu pila dituzte, patatak eta hegaluzea baino askoz gehiago ;) orduan galdera: jakin daiteke ze pausu ematen dituzte gure datuekin ? jakin daiteke zergatik hautatzen duten bideo bat bestearen gainetik?


(maider)Ez, ezin da. Sare sozial komertzialek, Coca-Cola bezala, ez dute azaltzen nola egiten dituzten gauzak edo beste modu batean esanda, ezin da jakin zer egiten duen bere algoritmoak. Coca-colaren errezeta sekretua den bezala. Fedibertsoko sare sozialetan aldiz, algoritmoak ezagunak dira eta edonor ikus dezake zergatik hautatu den hurrengo bideoa. Beraz, algoritmoak sekretuak izan behar dira? ez, inondik inora. Mastodonen adibidez edonor ikus dezake zein den algoritmoa, edo hobeto esanda algoritmo sorta. Hori bai, marmitakoaren errezeta sinplea da, sare sozial baten algoritmoak askoz luzeagoak eta konplexuagoak dira, eta normalean aditu baten laguntza behar da, bestela ez dugu ezer ulertuko. Beraz, algoritmoak berez ez daukate zertan toxikoak izan behar; etekin ekonomikoa helburu bakarra duen algoritmo bat  idazten bada ba hor  sortzen dira arazoak.  Adibidez, Mastonodeko algoritmoek zure lagunen edukiak edo jendeak gehien ikusi dituenak lehenesten ditu; helburua bada etekin ekonomikoa maximizatzea, algoritmoak sortuko dituzu jendeak gero eta denbora gehiago pasatzeko bertan. Eta hori nola lortzen da? ba adibidez, haserrea, antsietatea edo muturreko sentimentuak sortzen dituzten edukiak lehenesten ditu. Haserre gaudenean ez dugu ongi pentsatzen, eta horrela kontrola galtzen dugu.


(aitor)Badaude teknika gehiago: Adibidez youtuben, bideoak automatikoki erreproduzitzen direnean, bat bukatu eta hurrengoa hasten da denborarik eman gabe pentsatzeko ea ikusi nahi duzun ala ez. Edo telebistan, filme bat bukatu ondoren hurrengoa hasten da ezer egiteko astirik eman gabe. Handik 5 minututara, filmera engantxatu garenean, iragarkiak sartzen dituzte. Filmea bukatu ondoren iragarkiak hasiko balira, jende gutxiagok ikusiko lituzke bai iragarkiak, bai hurrengo filmea ere.

(maider) Honi gehitu behar zaio orain dela urte batzuk eskuin muturrak sare sozialetan dirutza sartzen hasi zen bere mezuak zabaltzeko. Sare sozial komertzialen algoritmoetan aginduak txertatu ziren ordaindutako diruaren arabera edukiek ikusgarritasun handiagoa izateko, nahiz eta erabiltzaileari ez interesatu. Orduan zer dugu hemen: alde batetik jende pilo batengana heltzeko modu berri bat: sare sozialak, eta beraien jabeak, ez daukatela inolako arazorik dirua kobratzeko edozein izanda egin beharreko lana. Eta bestetik jendea kontrolatu eta eskuin muturreko ideiak hedatu nahi dituzten pertsonak ditugu, dirutza dutenak eta sare sozialek duten botereaz jabetu direnak. Orduan, nola sortzen dira algoritmoak? ba marketing teknikak eta sikologoek definitutako prozedurak programatuz pertsona bakoitzeko duten informazioan oinarrituta. Zifra batzuk botatzeagatik Metan 30000 programatzaile inguru daude soilik algoritmoak sortu/editatu/hobetzeko. 

(aitor) Honi buruz Marta G. Franco idazle eta aktibistak  "sareak gureak dira" bere liburuan irakur dezakegu. Bertan besteak beste komentatzen du Internet apurtuta dagoela, ez zeukala zertan horrela izan behar. Internet pertsonena zen, mugarik gabeko espazio bezala sortu zen, baina gure datuak xukatu eta gorrotoa hedatu nahi dutenek lapurtu ziguten. Baina apurtuta dagoena konpon daitekeela ere azaltzen du.  Beste kontzeptu interesgarri bat interoperabilitatearena da. Hori Maiderrek azalduko digu.

(maider) bai :) Posta elektronikoaren adibidearekin primeran ulertzen da: Nik ni.eus eposta kontu bat badut, hotmail edo gmail duen bati eposta idatzi ahal diot eta heltzen zaio. Nahiz eta gmail enpresa bat izan eta ni.eus-en fundazio bat egon, biek elkarren artean egin dezakete lan. Hori gertatzen da atzetik postak elkarren artean elkartrukatzeko protokoloa existitzen delako, eta protokolo hau algoritmotan oinarritzen da. Fedibertsoan, sare sozial libreetan alegia, Mastodon kontu batekin Peertubeko bati idatzi ahal diozu, arazorik gabe, Baina Telegram izanez gero ezin diot mezu bat bidali Whatsappeko pertsona bati. Gure buruak sare sozialetan egotera behartuak ikusten ditugu gure lagunak eta ingurukoak bertan daudelako, eta ez daukadalako beste modurik bertara ailegatzeko. Gobernuek eta orokorrean administrazio publikoak interoperabilitatearen alde lan egin ahal zuten, interoperabilitatea beharrezkoa izatea, datuen babesa den bezala, baina momentuz nik dakidala hau ez da egingo.