Berako herri lurretako basoak berritzeko plan bat garatzen ari da Gurutze Gorria

Lizar Elexpuru

Berako Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, 25.300 zuhaitz landatuko ditu Berako herri lurretan Gurutze Gorriak

 

 “COmpensa2” proiektuaren baitan, karbonozko hustubideak berreskuratuko dira, baita erretako lurrak lehengoratu ere. Gurutze Gorriak baso-masa berri horiek metatzen duten CO2aren finkapen-kuota bere jardueraren ondoriozko isuriak konpentsatzeko erabiliko du.

2021eko otsaileko suteak

Etorkizun hurbilean berriztatuko diren inguru horiek sute handia jasan zuten 2021eko otsailean. 384 hektarea suntsitu zituen ezbeharrak, eta landaretza anitza erre zen. Alkozpa lepoaren eta Manttale gailurraren artean zuhaizti guztiak kiskali ziren, batez ere koniferoak.

Proposatutako baso-berritzea

Proposamena bereizitako bi eremutan kokatuko da, biak iparraldeko mugatik hurbil. Zehazki Manttalen, Ibardingo bentetatik gertu. Amezmendin, inguru horretarako sarbidea ematen duen baso-pistaren azpian dauden lurrak aukeratu dira; guztira, 6,08 ha. Bertako haritza, gereziondoa, ametza eta Bortzirietan pinudiei eragin dieten gaixotasunekiko tolerantzia duen tadea pinua ere landatuko dira. 

Zigorriagan, Amezmendiren moduan, inguru horretako zati bat artzaintza estentsiborako erabiliko da, zaldi eta ardientzako hain zuzen ere. 12,89 ha. tadea pinu landatzea planteatzen da. 

25.300 zuhaitz

Guztira 25.300 zuhaitz landatuko dira eta espero den  CO2 xurgapena 14.000 tonatik gorakoa izanen da. Proiektu honen amaierarekin Gurutze Gorriak 70 hektarea birlandatuak izanen ditu guztira Nafarroako mendietan.