Oñatiko udalak urrats berria egin du basogintza jasangarrian
Artiako Herri Onurako Mendien Antolamendu Planari hasierako onarpena eman dio.
Oñatiko udalbatzak hasierako onarpena eman dio Artiako Herri Onurako Mendien Antolamendu Planari, urrats berria eginez basogintza jasangarrian. Osotara, 776 hektarearen 20 urterako kudeaketa definitu da —2026 eta 2046 urte bitarterakoa—, 2015ean egindako kudeaketa plana eta Osoko Bilkurak 2013an aho batez onarturiko Basogintza Herrijorran prozesu parte-hartzailetik ondorioztatutako baso-politikaren printzipioak oinarri —bertako zuhaitz espezieak bultzatzea, basoak ematen duen su-egurra aprobetxatzea, konifero berrien landaketak baztertzea…—.
TANTAI baso jabe kooperatibak egin du planaren eguneraketa. Gaur egungo egoeran, gaurko egur prezioan eta baldintzetan, 20 urteko epealdian 3 milioi euroko balantze positiboa lukete esku hartzeek. Basogintza Herrijorran parte hartze prozesuaren ondorioetan jasoa dagoen moduan, ingurumenaren zaintzara bideratuko litzateke esku hartzeetatik lortutako dirua. BABESTUTAKO LUR SAILAK Artiakoak, babesturiko lur sailak dira, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean eta Natura 2000 sarearen barruan baitaude. "Oro har, espezie autoktonoekin osatutako basoak lantzea bilatzen du planak; eta ekoizpenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arteko oreka", azaldu du Iker Oñate Aiastui Ingurumen batzordeburuak.