Podcasta

Denon basoa

Euskal Herriko natura, kultura eta basoen edertasuna ezagutzeko podcasta da Denon Basoa. Edu Zabalaren eskutik, bioaniztasunaz eta basoen garrantziaz hausnartzeko espazioa da, hainbat adituren lekukotzen bidez.
-- Edu Zabala --
Aktualitatea
9 atal entzuteko
URRUÑA-Celestino eta Nikolas-elkarrizketa
2026/11/06

Irratsaio honetan Urruña (Lapurdi) herrian gauzatutako bi proiekturi jarriko diegu arreta, batetik KORRIKA DABILEN BASOA, non baso jasangarri bat garatzen ari den elkarte horren bidez, Urruñako udalak irekitako eta babestutako deialdi baten bidez eta bestetik, udalak berak gauzatu duen ibilbide, bidegorri ekologiko bat herritik Trabeniaraino zazpi kilometrokoa, zeinak aukera ematen duen Naturan, oihanean barna ibiltzeko eta konektatzeko ingurumenarekin; hori guztia mantentzeko eta ondare naturala zaintzeko talde bat antolatu dute. Biodibertsitatearen atlas bat ere landu dute herritarren informaziorako eta Urruña inguruan dagoen aberastasun naturala ezagutzera emateko. Lur horien %90 udalarenak dira. Bidegorri horren erabileraren batez bestekoa 100 pertsonena da eguneko eta, bistan da, oso pozik daudela herritarrek emandako erantzunarekin.

34 min
LURRALDE KOMANTXE- LITERATURA ETA BASOA
2026/10/30

Antxiñe Mendizabal Aranburu, Joseba Aurkenerena Barandiaran, Xerar Urrutia Jorajuria eta Ainara Maia Urroz. Lauak dira euskal idazleak eta beraiek duten sentsibilitateari lotuta eraiki dute bere ekarpena irratsaio honetan. Eskerrik asko lauei.

Irratsaio honetan parte hartu duten lau idazle horiek galdera bati erantzun diote:
Zer da zuretzat basoa, zer suposatu du zure bizitzan, zer harreman edo sentimendu ekartzen dizkizu?

Batzuek bidali dituzte testuak eta dokumentuan jarriko ditut zuen gozamenerako.

27 min
SUBFLUBIALAREN KALTEAK INGURUMENEAN
2026/10/22

Gaurko irratsaioan Subflubialaren proiektuaren barruan, bereziki indarra jarriko dugu bi ondoriotan, batetik ARTATZA PARKEAREN zuhaitzen herena bota nahi dutela eta bestetik, BALLONTI errekari dagokionez, egin zitezkeen interbentzio ekologikoetan, baina kontuan hartu ez direnak; biak ala biak oso garrantzitsuak dira herritarren bizi-kalitatea bermatzeko, baina ohi bezala, asfaltoari eta autoei eman nahi zaie lehentasuna, ustezko mugikortasun efiziente baten izenean eta herritarren osasunaren kalterako; datuek, ordea, bestelako ondorioak baieztatzen dituzte baita mugikortasunean ere. 
Guzti horretaz hitz egiteko Subflubiala Ez plataformaren kide den Hodeirekin hitz egingo dugu.

23 min
Oñatiko 776 ha. BASOBERRITZEKO PLANA ( Elkarrizketa hau Estatuko hauteskundeak deitu baino lehen, irailaren 17an, egin zen)
2026/10/15

Oñatiko udalak urrats berria egin du basogintza jasangarrian
Artiako Herri Onurako Mendien Antolamendu Planari hasierako onarpena eman dio. 

Oñatiko udalbatzak hasierako onarpena eman dio Artiako Herri Onurako Mendien Antolamendu Planari, urrats berria eginez basogintza jasangarrian. Osotara, 776 hektarearen 20 urterako kudeaketa definitu da —2026 eta 2046 urte bitarterakoa—, 2015ean egindako kudeaketa plana eta Osoko Bilkurak 2013an aho batez onarturiko Basogintza Herrijorran prozesu parte-hartzailetik ondorioztatutako baso-politikaren printzipioak oinarri —bertako zuhaitz espezieak bultzatzea, basoak ematen duen su-egurra aprobetxatzea, konifero berrien landaketak baztertzea…—.

 TANTAI baso jabe kooperatibak egin du planaren eguneraketa. Gaur egungo egoeran, gaurko egur prezioan eta baldintzetan, 20 urteko epealdian 3 milioi euroko balantze positiboa lukete esku hartzeek. Basogintza Herrijorran parte hartze prozesuaren ondorioetan jasoa dagoen moduan, ingurumenaren zaintzara bideratuko litzateke esku hartzeetatik lortutako dirua. BABESTUTAKO LUR SAILAK Artiakoak, babesturiko lur sailak dira, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean eta Natura 2000 sarearen barruan baitaude. "Oro har, espezie autoktonoekin osatutako basoak lantzea bilatzen du planak; eta ekoizpenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arteko oreka", azaldu du Iker Oñate Aiastui Ingurumen batzordeburuak.

30 min
ELKARRIZKETA: IBON ZUBIATE-MALLABIAKO AITZINDARIA
2026/10/09

Ibon Zubiate, Mallabiako baserritarra, aitzindarietako bat izan zen trantsizioa egiten pinudien landaketetatik Baso Bizietara. Banda marroiak jo zuenean, erosleek egoera aprobetxatu nahi izan zuten, eta dute, egurraren prezioa erabat suntsitzeko. Bere garaian forestalistek bultzatutako ereduak kale egin eta norabiderik gabe utzi zuten sektorea; baina Ibonek garbi zeukan eukaliptoa ez zuela ikusi nahi, inondik inora, eta ordurarteko ereduak arazoak besterik ez zizkiola ekarriko; orduan erabaki zuen urratsa ematea eta Keko Alonsoren aholkularitzarekin haritzak, batik bat, hasi zen landatzen.Bere baserria haritz zaharrez inguratuta dago eta elkarrizketa egiterakoan konturatu ginen bere lurra ezagutu eta maitatzen duen pertsona baten aurrean geundela, entzutea besterik ez daukazue zer pasioarekin hitz egiten duen bere lurretaz eta bertan birsortu duen basoaz. Edonor gonbidatuta dago bere eredua ezagutzera- hala dio elkarrizketan- eta ziur egon beso zabalik hartuko zaituztela bere etxean, bere basoan. Baina bere egitasmoak aurrera jarraitzen du eta, oraindik ezagutzen ez dugun zerbait prestsatzen ari da bere basoarentzat, beti ere ezagutzera emateko asmoz. Segi horrela Ibon eta eskerrik asko Baso Bizien alde  ematen ari zaren ereduagatik.

21 min
Angel Mari Tobajas- Karstaren balio hidrikoa eta monolaborantzaren kalteak- Elkarrizketa
2026/10/02

Angel Mari Tobajas Elgoibarko espeleologo beteranoa da, eta mende erdi baino gehiagoko jarduera egin du Morkaiko Leizarpe espeleologia taldean. Funtsezko figura izan da "Debabarreneko Gida" osatzen duten bi liburu egiteko orduan, eskualdeko geodibertsitatea, paisaiak eta lurpeko mundu harrigarria dokumentatzen duten lanak, hain zuzen. Fosilen eta Mineralen Museoan (Mufomi) egindako argitalpenen eta kobazuloen bidezko dibulgazio-lanez gain, Tobajasek zuzendaritza-karguak izan ditu Morkaiko mendialdeko elkartean. Bere lanaren ardatza tokiko ondare geologikoari balioa ematea da, batzuetan kritikatuz Euskal Kostaldeko Geoparkeak hondartzako turismoa lehenesten duela geologiaren gainetik, eta bere domeinuak Debabarrena osora zabaltzearen alde eginez.

36 min
DB62-Urbasa Disney-Landa: ELKARRIZKETA-GEMA URDANITZ ETAIO
2026/09/25

Txema Garcia Paredesek, kazetari eta idazleak, abuztuaren 28an, NAIZen atera zuen artikulua hartuko dugu erreferente gisa elkarrizketa hau burutzeko bertan agertzen den Gema Urdanitzekin batera.  2026ko uda honetan, Gazbideko pagadia "Cascade" filma egiteko eszenatoki bihurtu da.
Nafarroako erakundeek «turismo jasangarriaren» eta «naturako esperientzien turismoaren» babespean sustatzen duten turismo-erreklamoa bihurtu dute Sakana bailara. Nafarroako Gobernuko Baso eta Ehiza Kudeaketa Zerbitzuak ebazpen bat sinatu zuen 2026ko maiatzaren 29an, Sol Films enpresari honako hauek baimentzeko, besteak beste: pistak zabaltzea,makinaria astuna sartzea, egitura metalikoak zuhaitzetan, kableak zuhaitzen artean aireko irudiak grabatzeko, zaldi lasterketak pagadian barrena, dronak aidean 24 orduz, efektu berezi zaratatsuak, eta Zelaiaundiko bidearen itsiera, besteak beste. Onartezina da Urbasako Parke Naturalak  eraso hau ordaintzea eta  inguruko herritarren iritzia ezagutu gabe, aldebakarreko erabakia hartzea, Naturaren kontra

 

30 min
DB61-PLENTZIA
2026/09/18

Plentziako Herri Lurren elkartearen sorrera
2017. urtean, Plentziako udala katastroaren berrikuste baten bitartez ohartu zen 22 lur sail zituela bereak. Bolondres talde batek hartu zuen lur sailok identifikatu eta kokatzeko zeregina. Partzelok identifikatutakoan, guztira 60 bat hektarea zirela ikusi zuten, azalera eta kokapen desberdinetakoak: Plentzian, Gorlizen, Barrikan eta Lemoizen. 

28 min
DB60-LURRALDE KOMANTXE 04
2026/09/11

Lurralde Komantxe 4 atalean, Euskal Herriko ingurune naturalak zaintzeko eta berreskuratzeko hainbat ekimen ezagutuko ditugu. Atxarteko harrobi zaharrak birnaturalizatzeko proposamenaz hitz egingo digu Iñaki Barcenak. Plentzian, Herri Lurrak proiektuak bertako hariztiak berreskuratu eta lur publikoak balioan jartzea du helburu. Gorlizen, Olatu proiektuak gazteak eta haurrak baso autoktonoak landatzera eta zaintzera bultzatzen ditu. Hondarribian, berriz, Zuhaitzen Ibilbideak hiriko zuhaitzen eta biodibertsitatearen garrantzia ezagutarazi nahi du. Azken batean, naturaren berreskurapena eta biodibertsitatearen babesa herritarren parte-hartzearen bidez sustatzen dituzten esperientziak aurkeztuko ditugu.

21 min