Berako emakumeek historian zehar egindako ekarpena eta pairatutako bazterkeria agerian utziko ditu Jon Abril beratarrak ondu duen liburuak. Ia 30 biografia bildu ditu bertan, Berako emakumeen arrastoa herritarrei azaleratzeko asmotan. Lurpean urte luzez ezkutuan geratu diren istorioak erreskatatzen aritu da Abril, bere erranetan «kasik arkeologia lan bat» eginez.
Behin Berako herriarekin lotura estua izan zuten emakumeen bizitzak berpizturik sentitu ahal izanen ditugu argitalpen honi esker. Askotan izendatuak izan ziren, baina denborarekin lausotzen joan diren izen-abizenak ahoskatuko dira berriz ere, Beran ekarpen sakona egin zutenei merezitako aitorpena eskainiz; emakume izate hutsagatik, ahantziak izatera kondenatuak geratu zirenei. Gizonezkoena soilik izan den historia desitxuratu horri egia printza bat eskainiko dio Abrilen lanak.
Genero arrakala eta gizonen ikusgarritasunaren nagusitasuna oraindik ere errealitate bat da nonahi. Berako eraikin publiko zenbaitek gizonen izenak daramatzate, adibide anitzak ditugu: Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola, Ricardo Baroja Eskola edo Julio Caro Baroja Kultur Etxea. Urte gutxi pasa dira lehen aldiz espazio publiko bati emakume baten izen-deiturak eskaini zitzaizkionetik, lehen Merkatu Plaza zenak, Frantxia Haltzueten izena darama orain. Hortaz gain, Jon Abrilen erranetan Bortzirietan bildu diren ehundik gorako biografien artean, «%15 bertzerik» ez dira emakumezkoenak; eta udaleko webgunean ere, Frantxia Haltzuetena izan da orain arte ezagutu ahal izan dugun bizitza bakarra. Genero perspektiba edo perspektiba antikoloniala historia ikerkuntzan aplikatu denetik, gertaerekiko begirada guztiz irauli da, eta Abrilen erranetan, gizonezkoen presentzia oraindik nagusia izatea ez da kasualitatea:
«ez da kasualitatea 20 gizon ezagutzea eta emakume bakarra ezagutzea. Egia da gizartearen testuinguruak, legeek edo arauek ez zutela ahalbidetzen emakumeek hainbat arlotan ibilbide profesional bat garatzea, baina horrek ez du erran nahi bertze alor batzuetan ez zutenik lanik egin, eta ez zituztela sufritu gizarteko hainbat bazterketa».
Badaude bizi izan ez ditugun garaiak ezagutzeko modu desberdinak: liburuak, Interneta, dokumentalak edo irakasleak. Baina dokumentatua izan den historiaren zati handiena gizonezkoen eskutik jasoa izan denean, badago tresna ahaltsu bat historia patriarkalaren perspektiban "garrantzi gutxiko" kontakizunak berreskuratu ahal izateko: ahozko transmisioa. Jon Abrilen kasuan, badira jada hamar urte bere arbasoen historia ahozko transmisiotik ezagutzen hasi zenetik, arreta jarriz bere ama eta amatxiren istorioetan. Kontakizun hauetatik tiraka, Neskatoak izeneko dokumentala ondu zuen 2016an. Baztan Bidasotik Ipar Euskal Herrira edo Parisera neskato moduan lanera joan zirenen istorioak bildu zituen Abrilek. Ondoren Isildutako Eskuak liburua argitaratu zuen, Euskal Herriko langileengan paratuz fokua. Lan hauek guztiek gogoetarako tartea eskaini zioten Abrili, ikerketa hauen bidez jakin zuen «ze ikusgarritasun gutxi eman zaion emakumeari, eta zer garrantzia daukan transmisioak, sekulako zortea izan dut amarekin eta amatxirekin».
Liburua, bisita antzeztuak eta erakusketak
Berako Emakumeen Arrastoa arrakala guzti hau txikitzeko asmotan ondu du Abrilek. Hasieran liburuxka bat imaginatzen zuen baina 27 atal osatu ahal izan ditu. Liburuak Julia Artiedaren ilustrazioak izanen ditu, 32 ilustrazio baino gehiago. Hortik haratago, sozializazio lan bat egin nahi izan du Abrilek. Batetik erakusketa bat, eta bertzetik eskoletan lantzeko ariketa liburu bat. Gutxi balitz, berako hamar emakumek, haien aintzineko herrikideek zabaldutako bidea gorpuztuko dute antzerki baten bitartez. Bukatzeko wikipediarako artikulu zehatzak argitaratuko dituzte, eta Berako Udalaren webguneak atal berezi bat izanen du biografien testu txukunduekin.
- Liburuaren aurkezpena eta erakusketaren irekitzea
Urriak 16, ortziralea
19:00etan kultur etxean - Bisita antzeztuak
- Urriak 17, larunbata
18:00etan
- Azaroak 8, igandea
12:00etan
Herriko Etxeko plazan - Erakusketa
Urriak 16-azaroak 13
Astelehenetik ortziralera
17:00-20:00
Kultur etxean