Txingudiko badian espazio amankomunak sortu eta underground zirkuitu bat osatzeko aukera ematen duen "Paralelo 0. Ez Ipar Ez Hego" jaialdia antolatu zuten 2025eko udan aurreneko aldiz. Proiektua berritzailea izanagatik ere, Hondarribiko Psilocybe musika elkarteak, Hendaiako Borderline Fabrikak eta Irungo Lakaxita Gaztetxeak elkarlanean antolatu zuten. Eta lehen edizio hartan, eskualdeko lurraldetasunari, euskarari eta emakumeen proiektuei lehentasuna eman nahian, bi eguneko jaialdia antolatu zuten. Besteak beste, Silitia, Saguxar, Fusible, Eneritz Furyak eta Gailu taldeekin osatu zuten egitaraua.
Ondo joan zen bistan denez, esperientzia errepikatuko baitute urriaren 16tik 18ra bitartean. Oraingo honetan bidelagun gehiago batu dira ekimenera. Lotura elkartea eta Irungo Bloody Mary disko-denda ere murgildu baitira, eta bitik hiru egunera zabalduko dute programazioa.
Marcos Garcia, Bloody Maryko kideak aitortu duenez, «eragile eta kulturgune ezberdinen artean elkar ezagutzen dugu, baina bada jendea batetara jo ohi duena eta besteetara ez, gure helburua da jaialdiarekin espazio amankomuna sortzea, saretzea eta musika genero ezberdinak proposatzea da». Alde horretatik, espazio komuna Txingudiko eskualdea den heinean, Iparraldeko zein Hegoaldeko musikarien parte hartzea bilatu dute. Eta Ander Fernandez, Borderline Fabrikako kideak dioenez, «jaialdia abiatzeko oinezko Avenida Zubia aukeratu dugu, sinbolikotik asko duelako».
Hiru eguneko jaialdi anitza eta joan-etorrian
Jaialdiak, eskualdean zehar mugitu eta kulturaz gozatzeko gonbidapena egingo du hiru egunez. Eta hasteko, urriaren 16an, Txaranga Urretabizkaiak egingo duen performantziarekin hasiko da zubian. Horren ondoren, Borderline Fabrikan, Zumaiako Bigboy taldea eta Bilboko Rrucculla proiektuaren kontzertuak izango dira, eta gaua Irungo Hazian itxiko dute musika elektronikoarekin.
Larunbatean kontzertu bikoitza izango da, hasteko Lakaxita gaztetxean 17:00etan Ekhi Lambert, Mikosis eta Joseba B. Lenoir Gang- en kontzertuak izango dira, eta jarraian (21:00etan ) Psilocyben PandaValium eta Adur-en zuzenekoak izango dira, DJ saioekin amaituz. Igandean, berriz, Hendaiara buelta egingo du jaialdiak. Borderline Fabrikan bi zuzeneko elektroniko izango baitira, batetik Reichmelt bilbotarra eta bestetik Nora Sigué ziburutarra.
Antolatzaileek argitu dutenez, kontzertuen sarrerak leku bakoitzean egongo dira salgai egunean berean, baita www.borderlinefabrika.eus helbidean ere. Eta hiru egunetarako bonua ere jarri dute 25€tan salgai. Eskura erosi nahi baduzue, Bloody Mary dendan, Hondarribiko Etxebe, Irungo Depor eta Hazia tabernetan, eta Hendaiako Borderline Fabrikan eta L’avant-propos liburu-dendan aurki daitezke.