Urriaren 19tik aurrera Covid eta Gripearen 'Txertogunea' zabalik Irungo Erdialdeko anbulatorioan

Antxeta Irratia

Gripearen kontrako txertatze-kanpaina herritar guztien eskura jartzeko, aldez aurretik hitzordurik gabe egiteko Txertogunea urriaren 19tik azaroaren 1era antolatu du Osakidetzak Irungo Erdialdeko osasun-zentroan. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 15:00etatik 20:00etara, eta gripearen txertoaz gain, konplikazio larriak izateko arriskurik handieneko kolektiboek eta 70 urtetik gorako herritarrek, Covid-19aren txertoa ere jar dezakete hitzordurik eskatu gabe.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak irailaren 28an helburu jakin batekin abiatu zuen aurtengo gripearen aurkako txertaketa kanpaina: biztanlerik kalteberenak ahalik eta lasterren babestea eta txertaketa erraztea. Eta gripearekin batera, pandemiaz geroztik urtero egin ohi duten bezala, Covid-19aren txertaketa ere egiten dute. Kanpaina hasi zutenetik, urriaren 16a arte gripearen prebentziorako 202.735 txerto-dosi jarri dituzte, eta 129.407 Covid-19ari dagozkionak. Eta orotara, 266.000 txertaketa-hitzordu eman ditu Osakidetzak, horietatik 20.700 haurrak txertatzeko izan diren bitartean, 1.100 hitzordu eskaera haurdun zeuden emakumeenak izan dira.

Alde horretatik, adinekoen egoitzetan ekin zioten lehendabizi, konplikazio larriak izateko arriskurik handieneko kolektiboetako bat delako, eta 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrak ere sistematikoki txertatzen dituzte. Osasun sailburuak, Alberto Martinezek azpimarratu duenez, neurri horren arrazoia da haurrek ere konplikazioak izan ditzaketela gripearen ondorioz, eta, gainera, birusa familia eta eskola-ingurunean transmititzen lagundu dezaketela. «Haurrei txertoa jartzeak haur horiek zuzenean babesteaz gain, gripea beste pertsona batzuei transmititzeko probabilitatea murrizten laguntzen du», azaldu du sailburuak.

Birusaren udazken hasierako transmisioa

Alde horretatik, gripea ez da garrantzi txikiko gaixotasuna. Urtero milaka kontsulta eragiten ditu, asistentzia-presioa handitzen du eta bereziki adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta kalteberatasun handiko egoeran dauden beste kolektibo batzuk hartzen ditu eraginpean. Hasi berri den udazken honetan, hain justu, Osakidetzako Lehen Arretako osasun-zentroetan 2.045 Covid-19 kasu eta 605 gripe diagnostiko egin ditu dagoeneko, eta kasu larrienetan ospitaleetan ere eragina izan du. 381 pertsona (Covid-19) eta 79 lagun (gripeagatik) ospitaleratu behar izan baitituzte, eta lau pertsona daude (ZIU) zainketa intentsiboetako unitatean Covidagatik. 

Horrela, antolatu duten kanpainaren lehentasunei jarraiki, urriaren 5etik aurrera, txertaketa kanpainak eraginpean hartutako gainerako kolektiboetara zabaldu zuten. Zentzu horretan, Osasun sailburuak ordua eskatzera eta birusaren zirkulazioak gora egin aurretik seme-alabak babestera animatu ditu familiak, Osakidetzak gaitutako kanalen bidez dagokion osasun-zentroan eta aurretiko hitzordurako zerbitzuen bidez.

Hitzordurik gabe txertatzeko aukera

Urriaren 19 honetatik aurrera, aldiz, gainerako kolektibo guztiei zuzendutako kanpainarekin jarraituko dute. Eta kanpaina ahalik eta azkarren zabaltzeko txertaketa gune berriak ezarri dituzte EAE osoan. Baita hitzordurik gabeko txertoguneak ere. Txertogune horiek astelehenetik igandera arte egongo dira zabalik, urriaren 19tik azaroaren 1era bitartean, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea.

Osakidetzak aditzera eman duenez, neurri honen helburua da pertsonek ondoen datorkienean txertatu ahal izatea eta lan-ordutegien, familia-betebeharren edo lekualdatzeko zailtasunen ondorioz txertaketa ez geroratzea. «Pertsonen bizitzara egokitu nahi dugu, pertsonak sistemara egokitzera behartu gabe», adierazi du sailburuak. Beraz, txertatu nahi duen orok bi aukera izango ditu: aurretik ordua eskatu eta beren osasun-zentrora joan, edo gaitutako gune berrietako batean txertoa jarri, ordua eskatu gabe.

Gipuzkoan halako zenbait gune antolatu ditu Osasun Sailak, eta horietariko bat Bidasoko ESIan, Irungo Erdialdeko anbulatorioan. Eibar, Arrasate, Tolosa eta Beasaingoetan bezala, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara txertatzeko aukera emango dute hitzordurik gabe.