RENFEren aldiriko trena Hendaiara iritsiko da gaur, eta TGVa Irunera urtarrilean

Antxeta Irratia

Brinkola-Irun lineako trenak urriaren 19tik aurrera Hendaiara iristea ahalbidetzen duen akordioa sinatu zuten joan den uztailean Parisen, Espainiako Garraio Ministerioak eta SNCF Frantziako tren konpainiak. Horri esker, Irun eta Hendaia arteko lotura bermatuko du RENFEk distantzia laburreko trenetan. Eta akordio horren baitan ere, TGV abiadura handiko trena Irungo geltoki berrira helduko da 2027ko urtarriletik aurrera.  

Urriaren 19a egun historikoa izango da Bidasoa eskualdeko trenbideetan. Brinkolatik ateratzen den RENFEren aldiriko trena Hendaiaraino helduko baita lehen aldiz, mugaz gaindi. Trenak ez du bere bidea Irunen amaituko, izan ere, Espainiako Garraio Ministerioak eta SNCF Frantziako tren konpainiak sinatutako akordioaren arabera, iberiar zabalerako trenbidea ez kentzeko konpromisoa hartu du Frantziak, erabiltzen ez duen arren, eta horrek ahalbidetuko du zerbitzua Hendaiaraino luzatzea.

Akordioak, gainera, Frantziako abiadura handiko trena Irungo geltokiraino luzatzea ahalbidetuko du. Joan den uztailean Parisen adostu zutenez, 2027ko urtarriletik aurrera TGV Paris-Hendaia linea Iruneraino iritsiko da. Eta horretarako egokitzapen lanak egiten ari dira Irungo tren geltoki berriaren trenbideetan. Iragarri dutenez, TGVak muga zeharkatu du, eta Irun eta Paris ibilbidea lau ordu eta 45 minutuan egingo du. 

Gogoratu beharra dago, bestalde, gaur-gaurkoz, Euskotrenbide Sareko Topoa (Hendaia/Lasarte-Oria) izan dela orain artean Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen zituen tren zerbitzu bakarra. Hendaiako SNCF tren geltokiaren albo batean kokatua dagoen Euskotren geltokia berritu zutenetik, Hendaia eta Donostia 35 minutuan lotzen dituen tren-zerbitzua egunero ematen duela. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2025 urtean 700.000 bidaiarik erabili zuten Hendaiako Euskotren geltokia.