Urriaren 21ean gaztainadi zaharrak berreskuratu eta berriak landatzeko proiektua aurkeztuko dute Beran

Lizar Elexpuru

AIZTI ingurumen zerbitzuetako Amaia Fustek eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko teknikaria den Mikel Diazek eskualdeko gaztainadien ondarea, ustiaketa, berreskurapena eta landaketa prozesuak ulertzeko gakoak eskainiko dituzte bihar Beralandeta aretoan arratsaldeko 18:30ean.

Hostoen kolore gorrixkak, zeru lainotsuak, orbelaren soinuak edo etxeetatik ateratzen den onddo usainak udazken bete betean kokatzen gaituzte. Onddoak, sagarrak eta gaztainak gure elikaduraren euskarri izan dira udazkenean, eta gure arbasoek hauekiko garatutako ezagutza berpiztuko dute bihar bertan Beran. Zehazki gaztainadia izanen da protagonista; izan ere, iaz jarri zuten martxan Beran gaztainadi zaharrak berreskuratu eta berriak landatzeko proiektua. 

Nafarroako Rural Kutxaren gizarte ekintza eta Cederna Garalur elkartearen arteko  hitzarmen baten baitan kokatzen da egitasmoa, dirulaguntzak tartean. Lehen deialdia iazkoa izan zen eta lau proiektu onartu ziren: Beran, Arantza, Irañeta eta Erroibar. 

Gaztainadien abandonua

Gaztainadiak  «herriari lotutako baso ustiaketa bat» izan dira urte luzez Fusteren erranetan, baita familiendako eta aziendarendako elikagai iturri ere. Testuinguru garaikide modernoak gaztainondoaren egoera baldintzatu du. Industriaren garapenak ekonomia eta kontsumoa berrasmatu ditu, baita naturarekiko daukagun ezagutza eta harremana. Gure arbasoek elikadura iturri zuten horrekiko jakintza gaur egungo gizartean guztiz lausotuta dago. 

Gaztainadien baso ustiapena alde batera utzi da, eta abandonua dela eta, landaredi lehiakorrek tokia hartu zuten, tartean pagoek edo haritzek. Hainbat gaixotasunek ere eragina izan dute bazterketa honetan. Modu honetan, ondare natural garrantzitsu bat albo batera utzi du herriak, eta hori berreskuratzea garrantzizkoa dela dio Fustek. Ondareaz gain, oraindik ere baliabide baten moduan mantentzen baita. 

«Ez dakigu mundu ero honetan zer gertatuko den etorkizunean, tokian behintzat elikagai baliabide bat edukitzea garrantzitsua da». 

Udazkeneko fruituaren berreskurapena

Pasaden neguan,  Berako lurretan gaztainondoen landaketa prozesua martxan jarri zuten. Landaketaren bigarren txanda bat egiteko asmoa dago oraindik, Berako ikastetxeekin bat eginez, belaunaldi gazteenak gaztainadiarekin harremanetan jartzeko. 

Amaia Fustek aipatu duenaren arabera, Beran gaztainadi zahar-zaharrak egotea ez da ziurra. Hala ere, zona ezagutzeko prozesuan dihardute, zaharrak aurkitzeko lanetan. Beraren kasua beraz ez da izan, baina  Irañetan berreskurapen proiektua garatu dute. Aipatu moduan utzikeriagatik beste landaredi lehiakorrak tokia hartu du. Berreskurapen prozesuan  egin behar den lehen lana landaredi hori kendu eta gaztainadia irekitzea da; gaztainondo zahar horiei airea eman eta eguzkia haiengana iritsi eta suspertzeko.