1987. urtean ospatu zen lehenengoz Lurraren Eguna Beran, urriko laugarren igandean. Bittori Telletxeak eta bertze hainbat herritarrek jarri zuten martxan artisauen eta baserritarren lanari garrantzia emanen zion eguna. Lupe Mendigutxia beratarrak hasiera hauek ikusi zituen, eta gaur egun kultura zinegotzia izanik, antolakuntzan dabil buru belarri. Bere erranetan «artisauen lana, antzinako lanbideak eta bertako produktuak erreskatatzeko» asmoa izan zen egunaren abiapuntua.
Gaztaina erdigunean
2024tik Lurraren Egunari gai zehatz bat eskaini zaio. 2024koa ardiaren eguna izan zen, 2025ekoa Izokinarena, eta aurten gaztaina izanen da protagonista. Udazkeneko fruitu kuttuna dugu, eta Lurraren Egunean forma desberdinak hartuko ditu. Gaztainekin produktu desberdinak ekoizten dituzten artisauak etorriko dira, Berako ostatuetako langileek hanburgesak eginen dituzte gaztaina errezetan txertatuz, noski, gaztaina erreak ez dira faltako, eta gaztainaren fruitua nonahi ikusi ahal izanen dugu. Hala ere, Lurraren Egunean gaztainari eskainitako atentzioa «keinu» bat bertzerik ez dela aipatu digu Mendigutxiak. Izan ere, Berako Udalak gaztainadi zaharrak eta berriak berreskuratzeko, 10 urte luzeko proiektu bat martxan jarria du, eta kultura zinegotziak aipatu digu, udaberri sasoian gaztainadiak landatzeko aitzakiarekin, gaztainak ere izanen duela zer errana herriko ekimen desberdinetan.
80 artisau guztira
Modu xumean hasitako jaialdiak dimentsio geroz eta handiagoa hartu du azken urtetan. Artisauek beraien produktu, lanak eta sorkuntzak; jan edana, zeramika, bitxiak, arropak, sukaldeko tresneria edo artelanak batik bat salgai jarriko dituzte. Modu honetan, ekoizlearen anonimotasuna lausotuko da, eta eroslea zuzen-zuzenean harremanetan jarriko da erosiko duen produktuaren sortzailearekin. Gaur egungo kontsumo dinamiketan zaila da produktuaren gibelean lanean aritu den pertsona ezagutzea, eta honi buelta bat ematea ere izanen da Lurraren Eguneko helburuetako bat.
Berako Udalak irizpide desberdinak hartzen ditu herrira hurbilduko diren artisauak aukeratzeko orduan. Hasteko, beratarrek lehentasun osoa izanen dute, herritarrak izateagatik soilik onartuak izanen baitira. Herrikoak ez direnek bertze irizpide mota batzuk bete beharko dituzte. Originaltasuna, kalitatea edo beraien eskuetatik sortua izatea adibidez. Elaborazio propioa izan behar du produktuak halabeharrez.
Egitaraua
Urriak 24
- Lizuniagako igoera. 15:30, haurrak
17:00, gainerakoak
- Bera kantari. 18:30, Altzaten barna
Urriak 25. LURRAREN EGUNA
Azokaren irekiera Itxiera
10:00 19:00
Egunean zehar
- musika, talo postuak, artisauak, barazki eta fruiti erakusketa, baserriko lanabesen erakusketa
Goizean
- gasna eta sagardo lehiaketa, tokiko elikagai produktuen salmenta
Arratsaldean
- artisauak, gasna eta sagardo lehiaketaren sari banaketa; bertsolariak, muxikoak, gaztain eta sagardo jatea.