Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako metro-pasantearen aurkako elkarretaratzea egingo du azaroaren 21ean, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etan, Easo plazan. Protestak umorea eta aldarrikapena uztartuko ditu, proiektuaren inguruko desadostasuna adierazteko.
Mugimenduaren arabera, metro-pasanteak kostu ekonomiko handia, ingurumen-arriskuak eta herritarren parte-hartze falta ekarri ditu. Hasieran 172 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuaren kostua 340 milioi eurora irits daitekeela ohartarazi du. Halaber, obrek hirigunean eragindako kalteak eta etorkizuneko mantentze-lanen gastuak ere kezka-iturri direla adierazi du.
Satorralaiak zalantzan jartzen du azpiegiturak garraio publikoa hobetzeko benetako ekarpena egingo duenik. Proiektuaren azterketen arabera, bidaiariak autobus-zerbitzuetatik metro berrira igarotzea aurreikusten da, eta horrek Dbusen eta Lurraldebusen erabiltzaile-galerak eta hainbat lineatan zerbitzu-murrizketak eragin ditzake.
Bidasoa eskualdean ere izan dezake eragina eztabaida honek. Donostiako metro-pasantearen finantzaketa eta garraio-sarearen antolaketa Gipuzkoako mugikortasun-politikaren barruan kokatzen dira, eta autobus-zerbitzuen etorkizunari buruzko erabakiek eskualdeko herritarrei ere eragin diezaiekete. Bereziki, Ekialdebusen lineetan egindako murrizketek kezka piztu dute Bidasoan. Herritarren erantzunaren ondorioz zerbitzu gehienak berreskuratu badira ere, gertakari horrek agerian utzi du autobus-lineak eta haien maiztasunak mantentzea funtsezkoa dela.
Horregatik, eztabaida ez da Donostiako hirigunera mugatzen: garraio publikoaren baliabideak nola banatu, eskualdeen arteko loturak nola bermatu eta herritarren benetako beharrak nola lehenetsi ere bada. Satorralaiak herritarrak azaroaren 21eko elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu ditu, garraio-ereduari buruzko eztabaida soziala sustatzeko.