Txingudiko Zerbitzuek
ExpoRetrete erakusketa antolatu du Irungo Mendibil merkataritza-guneko bi solairutan. Heldu den azaroaren 20a arte egunerokoan ikusten ez dugun ur saneamendu sarearen errealitatea ikusarazi eta herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte. Izan ere, Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu duenez, «ur zikinen kudeaketan egunero hor egon beharko ez liratekeen gauzak aurkitzen ditugu Irungo eta Hondarribiko hodietan».
Eskualdeko ur hornidura sareaz gain, euri urak eta ur zikinak kudeatzeko 550 kilometro hodik osatzen dute azpiegitura, eta «ikusten ez badugu ere, komunetik edo arraskatik behera botatzen ditugun elementuentzat ibilbide baten hasiera besterik ez da» azpimarratu du Igor Enparan Hondarribiko alkate eta Txingudiko Mankomunitateko presidenteordeak. Alde horretatik, Cristina Laborda Irungo alkate eta mankomunitateko buruak gogoratu du «komuna zakarrontzi bezala erabiltzeak ur zikinen kudeaketa garestitzen duela». Matxurak eta ondo erabiliz gero beharrezkoak ez liratekeen konponketak egin behar ohi direlako.
Ingurumen eta osasun arazoak
Era berean, «gure etorkizunean eta ingurumenean» eragiten duela nabarmendu du Igor Enparanek. Eta ur saneamendu sareak osasun publikoan betetzen duen funtzioa kontuan hartuta, arraskatik behera botatzen ditugun elementuak non amaitu dezaketen gogoan hartzea eskatu du Hondarribiko alkateak.
Leire Zubiturrek argitu du, batetik ur-kolektoreetan urari bidea itxi eta hodiak buxatu ohi dituzten makillajea kentzeko zein haurrentzako toallatxo hezeak arazo nabarmena eragiten dutela maiz. «2026an gaude, baina tamalez, haurtzaindegiak, adineko egoitzak edota osasun zentroak dauden eremuetako ur hodien sarean halakoak pilatu ohi dira», argitu du, «baina etxe partikularretan ere, bizilagun askok berdin jokatuz gero, kaleko ur kolektorea ez ezik, eraikinaren hodiak taponatu ditzakete».
Hala ere, elementu fisikoek eragiten dituzten trabak epe laburreko mantenu lanak eskatzen dituzten bitartean, osagai kutsakorrak, kimikoak edota sukaldetik eratorritakoekin kezkatuak daude Txinzerren. Zubiturrek azaltzen duenez, «etxeetatik datozen osagai kimikoak jasotzen ditu saneamendu sareak, baita koipeak edo botikak ere, eta araztegiak ezin du dena garbitu» ohartarazi du. Olio eta janarien koipeen kasuan, adibidez, hoztu egiten direnean ur-hodien paretetan gogortzen dira hodien dimentsio eta fluxua eragotziz. Baina «kolektoreetan arratoientzako elikagai goxoa da, eta ugaritu egiten dira», dio Txinerreko kudeatzaileak.
Epe luzerako arazo larriagoa suposatzen dute, aldiz, pinturak eta osagai kimikoak, baita botikak ur zikinekin batera botatzea ere. «Ez gara ohartzen, baina pilulak eta bere osagaiak uretan desegiten dira eta araztegitik pasatu arren itsasoan amaitzen dute, eta arrainek xurgatzen dituztenez kate-trofikoan sartzen dira, eta gero guk jaten ditugu arraina jaterakoan».
Hausnartzeko erakusketa
Arazo hauek guztiak komuna eta arraskaren erabilera egoki batekin saihestu daitezkeela gogoratzen dute agintariek. Exporetrete erakusketan informazioa eta zenbait eredu praktiko aurki daitezke. Txingudiko Zerbitzuetatik «erakusketatik pasa eta informatu ondoren herritarren eguneroko keinuetan» eragin dezan espero dute.
Horretarako, erakusketak hausnarketarako gonbita egiten du Mendibil merkataritza-gunean, – 1 solairuan, BMren sarreraren parean, panelak egongo dira gai hauei buruz: uraren ziklo integrala, komunetik janari-hondarrak isurtzeko ohitura txarra, saneamendu-sarean arratoiak egotearen arazoari lotuta, kutsatzaile kimikoen arazoa eta koipe eta olioen arazoa. Azkenik, Txingudiko Zerbitzuek saneamendu-sarean egiten dituzten mantentze-lanen lagin txiki batekin amaituko da.
0 solairuan, aldiz, erakusketak saneamendu sareko komunaren garrantzia azpimarratzen du. Bide horretatik zenbat hondakin isurtzen diren erakusten du, eta arreta berezia jartzen du higiene pertsonaleko eskuoihal hezeetan, haurtxoentzat, makillajea kentzeko zapietan eta komuneko paper hezean. Espazio horretan bertan, txikienek argazki atsegin bat egin dezakete hodietako “munstro” maskara batekin, hain zuzen ere, buxadurak eta ingurumen-arazoak eragiten dituzten hondakin horien guztien adierazgarri.
Panel guztiek QR kode bat dute, eta kode horren bidez, esposiziotik errendimendu handiagoa lortzea ahalbidetzen duen audiogida batera sartzen da. Kasu honetan, erosoena QRa sakelako telefonoarekin irakurtzea da, eta narratzailearen azalpenak entzungailu batzuekin entzutea.