GAZTEAK ON: ELIKADURA ERRONKA lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur Toki Alai BHI institutuan. Bertako ikasleek egindako bideoak irabazi baitu aurreko deialdia. Eta elikadura sistemaren eraldaketa hezkuntza-komunitatera hurbiltzeko 2027ko edizioaren deialdia luzatzearekin batera, aurrekoetan bildutako esperientziak eta gazteen hausnarketatik eta ideietatik abiatutako hezkuntza-plataforma berria ere aurkeztu dute.
Maïa Permaculture, Labore Txingudi, Hendaiakoop eta Ara!Gorputz eskualdeko eragileek bultzatutako ekimena «etorkizun jasangarriago baten aldeko eraldaketan lagungarri» izan nahi duela azpimarratu dute. Alde horretatik, hezkuntza-plataforma berriak «jolasen, ikasteko dinamiken eta ikasleek praktikan jar ditzaketen erronka txikien bidez» baliabideak eskaini nahi ditu. Kontuan hartu behar baita, Irungo eta Hondarribiko ikastetxe publiko guztiek 2030 Agenda barneratua daukatela haien hezkuntza proiektuetan, eta kontsumo eta elikadura jasangarria lan-ildoetako bat dela. Hain justu, plataformaren sortzeko prozesuan irakasleekin lan-saioak egin dituzte, hezkuntzak dituen beharretara egokitutako baliabideak eskaintzeko asmoz.
Hala ere, Oihana Galardi, Labore Txingudiko ordezkariak azpimarratu du, elikadura ez dela soilik jaten duguna. «Gure osasunarekin, ingurunearekin, ekoizpen moduekin eta tokiko ekonomiaren bizitasunarekin lotuta dago, baita pertsonen arteko harremanarekin ere», argitu du, eta beraz, GazteakOn egitasmora urtetik urtera gero eta eragile eta ikastetxe gehiago batzen ari diren honetan, «hausnarketatik ekintzara jauzia» emateko aukera ematen duelakoan dago. Izan ere, ikasleak inplikatu eta «aldaketa txikiek eraldaketa handi baten abiapuntu» izan daitekeela erakutsi nahi dute.
Irungo Toki-Alai BHIko ikasleen esperientzia
Aurreko bi edizioetan, ikasleek elikadura erronka landu, eta haien hausnarketak ikasgelatik kanpora oihartzuna ukan dezaten bideoak ekoitzi dituzte. Iaz Irungo El Pilar, Toki Alai, La Salle, Hondarribiko Ama Guadalupekoa edota Hendaiako Saint Vincent ikastetxeko bigarren hezkuntzako ikasleek parte hartu zuten. Eta iazko Epaimahaiaren Saria Toki Alai BHIko ikasleek egindako "Zer da gosari osasuntsua?" bideoak eskuratu zuen. Cloe Del Olmo eta Maure Rodriguez ikasleek azaldu digutenez, eskolan elikadura osasungarriaren inguruko diagnosia egin zuten. Eta lanketa horren harira ohartu ziren ikastetxeko ikasleriaren aniztasunak gosari osasuntsu anitz ezagutzeko aukera eman ziela. Izan ere, eskolan Brasil, Moldavia, Maroko edota Bangladesheko jatorria duten ikasleak daude.
Ondo joan da esperientzia, izan ere, ikasleek errepikatuko luketela aitortzen dute. Hirugarren edizioan ere parte hartuko du ikastetxeak, erronka bere hezkuntza proiektuan barneratu baitu 1.DBHtik 4.DBHra derrigorrezko bigarren hezkuntzaren bi zikloetan. Amaia Gartzia, 2.DBHko irakasle eta 2030 Agendaren eramaileak dioenez, «ikasteko beste eredu parte-hartzaileagoa» da honakoa. Gazteek haien artean harremanak estutu eta bideoa sortzeko proiektuaren lanketarekin ere, inplikazio handia erakusten baitute. 4.DBHko ikasleen kasuan, eurek soilik egin dute lan guztia, hasierako ideiatik hasi eta bideoaren grabaketa eta muntaketaraino.
Lehiaketaren hirugarren edizioan izena eman nahi duten ikastetxeentzako izen-emate epea 2027ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik. Bideoak aurkezteko epea otsailaren 1etik apirilaren 9ra izango da. Ondoren, proiektuak ebaluatu eta herritarren bozketa egingo da, eta sari-banaketa 2027ko ekainaren 4an Ficobako Bioterra azokan egingo dute. Informazio guztia GAZTEAK ON: ELIKADURA ERRONKA egitasmoaren webgunean eskura dago.