Bidasotarren poltsikoan eragina duen ur hornidura eta hondakinen kudeaketa tarifak onartu ditu Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak. Atzo egindako batzarrean, oro har, tarifak bere horretan mantentzea erabaki dute. Izan ere, joan den urtean %3ko igoera aplikatu eta uraren tarifikazioa tarteetan berrantolatu ondoren, heldu den urtean uraren tarifa izoztu egingo dute, bai etxeentzat, baita jarduera ekonomikoentzat ere.
Hondakinen-tasa ere izoztu egingo dute etxebizitza jasangarrientzat. Hau da, edukiontzi marroia modu eraginkorrean erabiltzen duten etxeek urtean 151,60 euro ordaintzen jarraituko dute. Txinzerrek aditzera eman duenez, Irungo eta Hondarribiko 36.000 bezeroen edo etxeen %68ak sailkatzen du gaur egun hondakin organikoa behar den bezala. Eta horiek ez dute aldaketarik jasango, baina gainerako etxebizitzetako hondakinen faktura, aldiz, urtean 4 euro inguru igoko da. Zehazki, 285,36 euro ordainduko dituzte urtean. Igoera, neurri batean, bilketa eta garraio kostuak handitu izanaren ondorio dela argitu du Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrek. Bestalde, jatetxe eta ostatuen kasuan,%1,6 igoko dute.
Uraren tarifa izoztuta geratuko da, bai etxeentzat, bai jarduera ekonomikoentzat. Edukiontzi marroia modu eraginkorrean erabiltzen duten etxeek urtean 151,60 euro ordaintzen jarraituko dute hondakinen bilketagatik. Gainerako etxeetan, hondakinen faktura urtean 4 euro inguru igoko da. Jarduera ekonomikoen hondakin tasa, berriz, % 1,6 igoko da. Eta Arasoko eta Akartegiko garbiguneetako tarifak ere eguneratuko dituzte.
Uraren kontsumoaren fakturazioa
Txingudiko Zerbitzuek 2026an ezarritako tartekako fakturazio sistemari eutsiko dio. Metro kubikoaren prezioa lehen tartean da apalena, 7 metro kubiko artean, eta gora egiten du kontsumo tartea handitu ahala. Sistemaren helburua ura eraginkortasun handiagoz erabiltzea dela gogoratu du Zubiturrek, eta ur gutxiago kontsumitzeak, gainera, ingurumena babesten eta ur-baliabideak zaintzen laguntzen duela.
Alde horretatik, 2025ean Bidasoa Beherean 4,47 milioi metro kubiko ur kontsumitu genituen. 2022tik 2024ra bitartean, urtean 4,38 milioi metro kubiko inguru izan ziren bitartean. Eta 2026ko lehen seihilekoko datuek goranzko joera hori berresten dute.
Beste eskualdeekin alderatuta, Irunen eta Hondarribian ur gehiegi kontsumitzen al dugun galdetuta, ezetz dio Zubiturrek, baina eraginkorragoak izan gaitezkeela. Txingudiko Zerbitzuek bildutako datuen arabera, bidasotar bakoitzak egunero 110 litro ur inguru kontsumitzen ditu gaur egun. «Europako irizpideen arabera kontsumo jasangarri bat 90 litrokoa den bitartean, 120-130 litrotik gorakoa gehiegizkoa dela finkatzen da», azaldu digu Txinzerreko kudeatzaileak, «beraz oraindik badago zer hobetu».