Lehorteagatiko aurrealerta aktibatu dute Endarako erreserbak %63an daudelako

Jaizkibelgo akuiferoak ponpatzen hasi dira aurreneko aldiz Endarako urtegiak 132 egunetarako ura besterik ez duelako. Abuztuan hasi ziren Jaizkibelen azaleratzen diren iturburuetatik ura bideratzen, eta urriaren 6az geroztik lurpeko ura ateratzeko azpiegiturak martxan ari dira bere ahalmenaren %50ean. Maiatzetik irailera ohikoa baino %39 euri gutxiago egin du, eta Txingudiko Zerbitzuek lehorteagatiko aurrealerta aktibatu behar izan zuen urriaren 19an. Ura normaltasunez iristen ari da etxe guztietara, eta agintariek lasaitasun mezua helarazi nahi izan dute, baina horrela segituz gero abenduaren erdian neurriak hartu beharko dituzte. Beraz, herritarrak egoeraren jabe egin eta ura arduraz kontsumitu dezaten eskatu dute.

2026ko bigarren seihilekoan ohikoa baino euri gutxiago egin du. Maiatzetik irailera ohikoa baino %39 gutxiago. Eta Ipar Euskal Herrian udan ur kontsumoaren murrizketa neurriak ezarri behar izan zituzten uztailean, eta indarrean mantendu dituzte urria bukaera arte. Hendaiarrek hainbat debeku jasan dituzten bitartean, Bidasoaren beste ertzean, Irungo eta Hondarribiko herritarrek ez dute horrelakorik bizi izan orain arte. Baina udazkenak ez du euri gehiago ekarri. Izan ere, urrian ohikoa baino %21 prezipitazio gutxiago egon da. Eta Endarako urtegiaren bilakaera zein den ikusita, Txingudiko Zerbitzuek lehorteagatiko aurrealerta aktibatua duela aditzera eman du gaur.

Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileak argitu duenez, pasa den urriaren 19az geroztik Endarako urtegiaren edukiera urte-sasoi honetarako erreferentzia den %70etik behera kokatu da, eta gaur egun bere gaitasunaren %63an dago. Zehazki, azaroaren 13an 3.200 milioi litro ur zituen, edukieraren %63,1. Zubiturrek emandako datuan arabera, ekainaren hasieran ia beteta zegoen, %99an, eta ordutik ur-erreserba mailak behera egin du etengabe. Bost hilabeteotan urtegiak bildu dezakeen uraren herena galdu du, eta 2021eko azaroaz geroztik neurtu den mailarik apalenean dago. Garai hauetan azken lau urteetako batezbesteko maila %90ekoa izan baita. 

Argitu dutenez, Endarako urtegitik egunean 19 milioi litro inguru ateratzen dira Irungo eta Hondarribiko 81.000 biztanleen beharrak asetzeko. Izan ere, egunean herritar bakoitzak 113 litro ur kontsumitzen ditu batez bestean. Eta horren arabera, urtegiak 132 egun ingururako ura du erreserban. Egoera horren aurrean, erreserbak motelago husteko helburuarekin, Jaizkibelgo akuiferoetako putzuak jarri ditu martxan, historian lehen aldiz herritarrak urez hornitzeko. Orain arte, putzu horiek mantentze-lanetarako baino ez zituzten erabili, baina iturburu horiei esker, Jaizkibel menditik egiten den ekarpenarekin, aipatutako erreserba epe hori 217 egun ingurura luzatzen da, ia zazpi hilabetera. 

Horretarako instalazioek Jaizkibelgo hainbat tokitan berez azaleratzen den ura biltzen dute. Txinzerreko kudeatzaileak argitu duenez, abuztuaren amaieran Goikoerrota eta Artzu jarri ziren martxan, eta irailean Molino eta Justiz gehitu zitzaizkien. Lehorteak jarraituz gero, putzuen ponpatzea martxan jartzea da hurrengo urratsa, lurpeko ura ateratzeko. Eta hauek urriaren 6an jarri ziren martxan, eta bere ahalmenaren %50ean ari dira lanean. «Ekarpen hori gabe, Endara edukieraren %50 inguruan egongo litzateke gaur», nabarmendu du Leire Zubiturrek. 

Aipatutako azpiegitura horiek 2005-2015 urtaldiko Inbertsio Planaren barruan diseinatutako Jaizkibel Elordi hornidura-proiektuaren parte dira. Eta Jaizkibel Bizirik bezalako talde ekologistek gogor kritikatu zituzten lan horiek Jaizkibel mendia barrenetik lehortzeko eta ekosisteman eragiteko arriskua zegoelako. Hala ere, 2011 eta 2012 artean gauzatu ziren lanak, 8,1 milioi euroko inbertsioarekin. Orotara sei putzu berri eta Elordiko tratamendu-estaziorainoko 14,4 kilometro hodi eraiki zituzten, Jaizkibel mendiko akuiferoetatik ura hartzeko ahalmena segundoko 97 litrotik 210 litrora handituz. Hain justu, azpiegitura honen helburua «lehorte garaietan eskualdeko hornidura bermatzea eta Endararekiko mendekotasuna murriztea» dela gogoratu du Zubiturrek. Eta orain artean inoiz martxan jarri ez bazen ere, lehorte garai luze baten ondorioak arintzeko aukera ematen ari da orain.

Cristina Laborda Irungo alkate eta mankomunitateko presidenteak gogoratu du, egoera aurrealertakoa dela, eta oraingoz ez dagoela inolako murrizketarik ezarri beharrik. Beraz, ura normaltasunez iristen ari da etxe guztietara. Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Labordak, hala ere, datozen asteetan euri iragarpenak eta urtegiaren bilakaeraren jarraipena tentuz egingo dute, eta bien bitartean, «ura arduraz eta zentzuz kontsumitzeko» eskatu die bidasotarrei.