Lurraldebus hobetzeko urrian hitzemandako zerbitzu berriak azaroaren 30ean jarriko dituzte martxan

Azahara Dominguez Mugikortasuneko foru diputatuak azaldu duenez, astelehenetik aurrera BI08 (Hondarribia-Oiartzun-Errenteria-Pasai Antxo-Donostia, Grosetik), BI09 (Irun-Oiartzun-Errenteria-Pasai Antxo-Donostia, Grosetik) eta BI10 (Hondarribia-Irun-Donostia, Antiguatik) linea berriak martxan jarriko dituzte. Era berean, egun horretatik aurrera, Hondarribiko eta Irungo herritarrek Bidasoa eskualdeari zerbitzua ematen dioten gainerako lineetan iragarritako hobekuntzez ere gozatu ahal izango dute, besteak beste, BI06 linearekin Ospitaleak-Miramonekin loturak hobetuz, edota unibertsitatera joateko BI07 Donostiara Antiguotik zerbitzuaren ordutegiak egokituz. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak urriaren 1ean indarrean ezarri zituen Lurraldebus zerbitzu berriek sortutako ezinegonaren aurrean, auzo elkarteekin eta Irungo eta Hondarribiko agintariekin egindako bileratan, hobekuntzak egitea erabaki zuen martxan jarri bezain pronto. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak urriaren 23an iragarri zuenez, erabilera datuak eta herritarrengandik jasotako iradokizunak aintzat hartu ditu Mugikortasun Departamenduak. Eta foru diputatuak «azaroaren bukaeran ordutegiak zabaldu eta linea berriak» martxan jarriko zituztela hitzeman zuen. Emandako hitza bete, eta iragarri duenez, Bidasoaldean Lurraldebuseko hiru linea berri izango dituzte datorren astelehenetik, azaroaren 30etik, aurrera.

Mugikortasunerako foru diputatuak azaldu duenez, azaroaren 30etik aurrera, BI08 (Hondarribia-Oiartzun-Errenteria-Pasai Antxo-Donostia, Grosetik), BI09 (Irun-Oiartzun-Errenteria-Pasai Antxo-Donostia, Grosetik) eta BI10 (Hondarribia-Irun-Donostia, Antiguatik) linea berriak martxan jarriko dituzte, eskualdeari zerbitzua emateko. BI08 zein BI09 linea berriak Hondarribitik eta Irundik Donostiara N-1etik ibiliko dira ordu erdi oro.

Era berean, egun horretatik aurrera, Hondarribiko eta Irungo herritarrek Bidasoa eskualdeari zerbitzua ematen dioten gainerako lineetan iragarritako hobekuntzez ere gozatu ahal izango dute. Urrian iragarri zutenez, aldundiaren helburua da, lehengo E20, E21 eta E26 lineak hobekuntzekin berreskuratzea batetik, BI06 Irun-Ospitalea/Miramon indartzea bestetik, eta E28 unibertsitateko linea berreskuratzea. Horretarako, BI10 berriak ere, ikasleak klasera garaiz iristeko aukera emango du Hondarribitik 06:40an eta 07:40an atera eta Puiana, Anaka, Belaskoenea auzoei ere zerbitzu emanez. 

Azahara Dominguezek zehaztu duenez, beharrezkoak ziren administrazio-izapideak egin ondoren, Foru Gobernu Kontseiluak astearte honetan eman dio oniritzia aldaketa horiek martxan jartzeari. Gogorarazi duenez, aldaketak Irungo eta Hondarribiko udalekin, Irungo auzo elkarteen federazioarekin eta Hondarribiko Amute Kostako auzo-elkartearekin batera adostu dituzte, eta prozesuan parte hartu duten eragile guztiei eskertu nahi izan die elkarlanerako agertu duten prestutasuna.

Hiru linea berriak

Bidasoan Lurraldebuseko zerbitzua hobetzeko neurri nagusietako bat aipatutako hiru linea berriak martxan jartzea izango da. BI08 lineari dagokionez, Hondarribia, Oiartzun (Lintzirin), Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia (Gros auzotik) lotuko ditu, astelehenetik ostiralera egun osoan zehar, 30 minutuko maiztasunarekin. Hondarribitik 6:30ean hasiko du zerbitzua, eta Donostiatik 6:45ean. Azken autobusak, hurrenez hurren, 22:40an eta 22:45ean aterako dira.

BI09 lineak, berriz, Irun, Oiartzun (Lintzirin), Errenteria, Pasai Antxo eta Donostiarekin (Gros auzotik) lotuko du. Irundik 6:00etatik 22:55era bitartean aterako dira autobusak, 30 minutuko maiztasunarekin. Donostiatik, berriz, zerbitzua 7:35etik 22:55era bitartekoa izango da, ordu erdiko maiztasunarekin.

BI10 lineak, astelehenetik ostiralera, ikastetxeetara eta ikasketa-zentroetara joateko zerbitzua eskainiko du, Hondarribitik 6:40an eta 7:40an aterako diren bi autobus-zerbitzuren bidez. Gainera, Irungo Puiana, Anaka eta Belaskoenea auzoei ere emango die zerbitzua.

Gainerako hobekuntzak

Linea berri horiez gain, azaroaren 30ean indarrean sartuko diren gainerako hobekuntzak ere zerrendatu ditu aldundiak. BI02 (Hondarribia>Donostia, Amara auzotik) Hondarribitik, astelehenetik ostiralera, 5:15etik 22:30era bitartean eskainiko du zerbitzua, eta egunaren zatirik handienean 45 minutuko maiztasuna izango du (8:45etik 20:00etara). Donostiatik, autobusak 6:00etatik 22:20ra bitartean aterako dira, eta 45 minutuko maiztasuna izango dute 8:00etatik 18:30era.

Goizeko lehen autobusak garrantzi berezia izango du, autobus-geltokitik ateratzen diren ibilbide luzeko lineekin lotura egiteko aukera emango baitu.

Larunbat, igande eta jaiegunetan, Hondarribitik 6:00etatik 22:30era bitartean eskainiko da zerbitzua, egunaren zatirik handienean orduroko maiztasunarekin. Donostiatik, berriz, 6:30etik 22:20ra bitartean aterako dira autobusak. Zerbitzu horiek gaueko autobus-zerbitzuekin lotuko dira, eguneko 24 orduetan garraio publikoa eskaintzeko.

BI03 (Hondarribia>Irun>Oiartzun>Errenteria>Pasai Antxo>Donostia, Gros auzotik) linea, asteburu eta jaiegunetako zerbitzua izango da aurrerantzean, egunaren zatirik handienean 30 minutuko maiztasunarekin. Asteko gainerako egunetan, BI08 eta BI09 linea berriek ordezkatuko dute.

BI05 (Hondarribia>Irun) lineak astelehenetik ostiralera eskainiko du zerbitzua, 5:30etik 22:50era, eta 15 minutuko maiztasuna izango du lehenengo zerbitzutik 21:00ak arte, bi noranzkoetan.

Larunbat, igande eta jaiegunetan, lehen autobusa 6:00etan aterako da, eta 15 minutuko maiztasuna izango du 9:00etatik 21:00etara. Azken autobusa 22:50ean aterako da, eta ordutik aurrera gaueko autobusak hartu ahal izango dira, eguneko 24 orduetan zerbitzua bermatuz.

BI06 (Hondarribia>Irun>Ospitaleak>Miramon) linearen zerbitzua hobetu egingo da astelehenetik ostiralera zein asteburuetan. Berrikuntza nagusia, hain zuzen ere, asteko zazpi egunetan eskainiko duela zerbitzua izango da.

Astelehenetik ostiralera, 6:10eko irteera berri bat gehituko da Hondarribitik, Gipuzkoako hiriburura 7:00ak baino lehen iritsi behar duten herritarrei aukera emateko.

Gainera, asteburu eta jaiegunetan ere ibiliko da, noranzko bakoitzean zortzi zerbitzurekin. Ordutegiak langileen lan-txanda aldaketetara egokituko dira, orain arte egin den bezala: Hondarribitik 6:50ean, 9:10ean, 10:10ean, 13:10ean, 13:50ean, 16:10ean, 19:10ean eta 20:50ean aterako dira autobusak; Donostiatik, berriz, 8:15ean, 10:15ean, 11:15ean, 14:15ean, 15:15ean, 17:15ean, 20:05ean eta 22:15ean.

BI07 (Hondarribia>Irun>Donostia, Antiguo auzotik) lineak 6:00etatik 21:00etara eskainiko du zerbitzua Donostiarako noranzkoan, eta 6:55etik 21:55era Hondarribirako noranzkoan. Argitu dutenez, Donostiarako noranzkoan ordutegiak egokitu egingo dituzte 8:40tik 18:40ra autobusak ordu bakoitzeko 20 minutu lehenago atera daitezen. Kontrako noranzkoan, berriz, 9:20tik 19:20ra autobusak ordu eta 20 minutuan aterako dira, itxaronaldiak murrizteko.