Azahara Dominguez: «Herritarrak entzun ditugu, eta azaroaren bukaeran Lurraldebus Bidasoaldean hobetzeko Ekintza Plana adostu dugu eragileekin»

Koldo Nausia

Urriaren 1etik erabilera datuak eta herritarrengandik jasotako iradokizunak aintzat hartu ditu Mugikortasun Departamenduak. Foru diputatuak aditzera eman duenez, «azaroaren bukaeran ordutegiak zabaldu eta linea berriak» martxan jarriko dituzte. Lehengo E20, E21 eta E26 lineak hobekuntzekin berreskuratuko dituzte, BI06 Irun-Ospitalea/Miramon indartu eta BI08 zein BI09 linea berriak Hondarribia eta Irundik Donostira N-1etik ibiliko dira ordu erdioro. E28 unibertsitateko linea berreskuratuko dute, eta BI10 berriak ere, ikasleak klasera garaiz iristeko aukera emango du Hondarribitik 06:40ean eta 07:40ean atera eta Puiana, Anaka, Belaskoenea auzoei ere zerbitzu emanez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urriaren 1ean indarrean sartu zen Lurraldebuseko emakida berrian hobekuntza nabariak aurkeztu ditu gaur. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, Azahara Dominguezek aurreratu duenez, azaroaren amaieran martxan jarriko dituzten aldaketak «maiztasunak hobetu, ordutegiak zabaldu eta linea berriak» ekarriko ditu. Bidasoalderako Ekintza Plana aurkeztu du Irungo Palmera Montero gunean, Oiasso Auzo Elkarteen Federazioaren egoitzan. 

Izan ere, Lurraldebus zerbitzuen berrantolaketaren aurretik bezala, urriaren 1etik ere auzo elkarteekin harreman zuzena izan du foru diputatuak. Domínguez aitortu du herritarren ezinegonaren berri jaso duela, «asteotan Bidasoan 100 pertsona baino gehiagok egin dizkidate iradokizunak zuzenean», esan du, eta Irungo eta Hondarribiko alkateekin ez ezik, auzo elkarte eta kolektibo ezberdinengandik jasotako ekarpenak batetik, eta zerbitzu berrien datuen azterketa sakona bestetik, hobekuntza plana osatu dute. «Zerbitzua hobetzen eta zabaltzen jarraitu nahi dugu, Irungo eta Hondarribiko herritarrek gure zerbitzuan konfiantza izaten jarrai dezaten», azpimarratu du, eta horretarako entzuketa aktiboa egiten jarraitzen duela dio. «Herritarrak entzun ditugu, eta ez hori bakarrik, baita horren arabera erabakiak modu eraginkor eta azkar batean hartzen ditugula erakutsi ere», nabarmendu du.

Oiasso Auzo Elkarteen Federazioko ordezkari Javier Barreirok Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamenduak egindako ahalegina eskertu du. «Aitortu beharra dago lehen momentutik entzun gaituztela, eta kontuan hartu dutela guk esandakoa, eta bilerak egiteko azkar erantzun egin dute», argitu du. Alde horretatik, Azahara Dominguezek lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei. «Nahi duguna da benetan, departamendu honetara jotzea eraginkorra dela sentitzea, eta ekintzekin erakutsi dugu, ez hitzekin solik», esan du foru diputatuak, hurrengo 10 urteetarako kontratua sartu berritan, orain egingo dituzten aldaketekin bezala, aurrerantzean ere, egokitzapenak egin beharko dituztela ulertuta, hain justu, herritarren beharrak aldatzen direlako.

Foru diputatuaren ustez, «porrota izango litzateke adminsitrazio gisa, jendeak garraio publikoa ez erabiltzea, ez diolako egunerokoan balio», esan du, mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, «herritar askok lanera eta ikastera berdintasunean heltzeko ezinbestekoa baitute».

Aldaketa nabarmenak

Azaroaren amaieran martxan jarriko dituzten aldaketak Gobernu Kontseiluan onartu beharko dituzte, aurrekontuetan ondorioak izango baitituzte. 2026an aldundiak 68,2 milioi euro bideratu ditu Lurraldebus zerbitzura, «inoizko handiena» Dominguezen arabera. Baina 2027 urtean ere garraio publikoaren aldeko apustua bere horretan jarraituko duela iragarri du. Izan ere, aipatutako aldaketek «Bidasoa eskualderako linea berriak eta bidaia gehiago eskatuko ditu, eta beraz, autobus eta gidari gehigarriak».

Aldaketa guztien berri emateko kanpaina egingo dutela iragarri du, baina erabiltzaileak informatzeko ahalegina egingo dute aurrez aurrekoan ere. Irungo auzo elkarteekin egin duten bezala, Dominguezek argitu du, atzo (urriak 22) Hondarribiko Amute-Kosta Auzo Elkartean bilera egin zutela bertako ordezkariekin eta Igor Enparan alkatearekin Ekintza Plana aurkezteko. Eta Hondarribian egin den sinadura-bilketaren eramaileekin ere hitz egin du Azahara Dominguezek.

Hala ere, herritar guztiak informatzeko azaroaren 3an (18:00etan) Kultur Etxean bilera irekia egingo dute xehetasun guztiak emateko. 

Horiek horrela, BI02: Hondarribia–Donostia, Amaratik doan lineak E21 lineak zituen ordutegiak berreskuratuko ditu. Astelehenetik ostiralera, gainera, bidaia gehiago egingo ditu. Lehen autobusa 05:15ean aterako da Hondarribitik eta 06:00etan Donostiatik. Eta Hondarribitik ateratzen den azken autobusa, berriz, 22:30ean izango da. Eta oro har autobusak 45 minutuan behin ibiliko dira.

Asteburu eta jaiegunetan ere, E21 lineak zituen ordutegiak berreskuratuko ditu, eta zerbitzua luzatuta, eguneko autobusak gauekoekin lotuko dira, asteburuetan eguneko 24 orduetan garraio publikoa eskaintzeko. Dominguezek nabarmendu du goizeko lehen autobusak aukera ematen diela, Donostiko autobus geltokian distantzia luzeko autobusekin lotura egin behar duten bidaiariei garaiz iristeko.

BI03 (Hondarribia–Irun–Oiartzun–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, Grosetik) lineak aldaketa handiak jasoko ditu, izan ere, asteburuetan bakarrik ibiliko da, Hondarribitik 09:15etik 22:45era eta Donostiatik 11:25etik 22:55era egongo dira autobusak, 30 minutuan behin.

Baina asteko gainerako egunetan, bi linea berri eskainiko ditu Lurraldebusek. Batetik, BI08: Hondarribia–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, N-I errepidetik eta BI09: Irun–Errenteria–Pasaia Antxo–Donostia, N-I errepidetik.

BI08 linerari dagokionez, E20 linearen ibilbidea hartuko du oinarri. Astelehenetik ostiralera ibiliko da 30 minuturo. Hondarribitik 06:30ean hasiko da zerbitzua, eta Donostiatik 06:45ean. Arratsalde osoan ere 30 minutuan behin egongo dira autobusak. Eta azken zerbitzua 22:40ean aterako da Hondarribitik eta 22:45ean Donostiatik. Guztira, 15 bidaia gehiago egingo dira Donostiarako noranzkoan eta beste 15 Hondarribirako noranzkoan.

BI09 lineari dagokionez, E26 linearen ibilbidea berreskuratuko du, baina hobekuntzekin. Hartara, astelehenetik ostiralera, Irundik 06:00etatik 22:55era egongo dira autobusak, eta 30 minutuan behin ibiliko dira 22:00ak arte. Donostiatik, berriz, 07:35etik 22:55era egongo dira autobusak, ordu erdioro 22:05ak arte, eta azken bi irteerak 22:30ean eta 22:55ean izango dira. Hobekuntzen artean, linea hau Anaka auzotik ere pasatuko dela nabarmendu du foru diputatuak. Horrela, Irunerako noranzkoan 16 bidaia gehiago egingo dira, eta Donostiarako noranzkoan, 13 gehiago.

BI05: Hondarribia–Irun astelehenetik ostiralera, autobusak 15 minutuan behin ibiliko dira egun osoan, 05:30etik 21:00etara, bi noranzkoetan. 21:00etatik aurrera, aldiz, 20 minutuan behin egongo dira 22:20ak arte. Eta azken bidaia 22:50ean izango da, bi noranzkoetan. Asteburu eta jaiegunetan, zerbitzua 06:00etan hasiko da, eta autobusak 30 minutuan behin ibiliko dira 09:00ak arte. 09:00etatik 21:00etara, 15 minutuan behin egongo dira autobusak. Ondoren, 20 minutuan behin ibiliko dira, 22:50era arte.

Ordutegi horiei esker, asteburuetan eguneko autobusak gauekoekin lotuko direla azpimarratu dute, eta 24 orduko garraio-zerbitzua eskainiko da.

BI06: Hondarribia–Irun–Ospitaleak–Miramon astelehenetik ostiralera, bidaia berri bat gehituko da: Hondarribitik 06:10ean aterako dena. «Horrela, Donostiara 07:00ak baino lehen iritsi behar dutenek aukera izango dute garaiz heltzeko», esan du Dominguezek. Gainera, Irungo auzo-elkarteen federazioak egindako eskaerari erantzunez, linea honek asteburuetan ere zortzi bidaia egingo ditu noranzko bakoitzean. Hondarribitik irteerak 06:50, 09:10, 10:10, 13:10, 13:50, 16:10, 19:10 eta 20:50 ean izango dira; Donostiatik ordea 08:15, 10:15, 11:15, 14:15, 15:15, 17:15, 20:05 eta 22:15ean. 

BI07: Hondarribia–Irun–Donostia, Antiguotik doan lineak, batez ere, egunero Donostiara unibertsitatera joaten diren ikasleei zerbitzua ematen die, eta E28 linearen ordutegiak berreskuratuko ditu. Gainera, zerbitzua hobetzeko, Hondarribitik irteera berriak gehituko dira 06:00etan, 07:00etan, 07:30ean eta 08:00etan, ikasleak klasera garaiz iritsi ahal izateko. Beste irteera berri bat ere egongo da 21:00etan. Kontrako noranzkoan, Donostiatik irteera berriak egongo dira 06:55ean, 07:55ean, 08:55ean eta 21:55ean.

Hortaz gain, BI10 linea berria sortuko da (Hondarribia–Irun–Donostia, Antiguotik). Astelehenetik ostiralera, ikasleak klasera garaiz iristeko zerbitzua eskainiko du, Hondarribitik 06:40ean eta 07:40ean aterako diren bi autobusen bidez, eta Puiana, Anaka eta Belaskoenea auzoei ere emango die zerbitzua.

Bestalde, Azahara Dominguezek azaldu du, BI04: Hondarribia–Bidasoko Ospitalea–Ventas–Txingudi merkataritza-gunea linea merkatal zentro barrura sartu ahal izateko lanean ari direla. Bistan denez, zailtasunak izan dituzte sarrerako gasolindegiaren inguruan sortzen diren trafiko-arazo larriengatik, baina trafikoa blokeatu gabe autobusak sartu eta atera ahal izateko neurriak hartzeko hitz egiten ari dira Txingudi merkataritza-guneko gerentziarekin.