Itziar Varela (M8 Asanblada Feminista): «Oso kezkatuak gaude, instituzioetan boterea lortzen badute arriskuan daude borrokan eskuratu ditugun eskubide sozialak»

«Faxismoaren aurrean, feminismoa» lelopean, elkarretaratzera deitu du M8 Asanblada Feminista Bidasoak azaroaren 25 honetan. Hiru deialdi luzatu dituzte eskualdean, Hendaiako tren geltoki aitzinean 17:00etan, Hondarribiko Martxoak 8 plazan 18:00etan, eta Irungo Luis Marianoko lorategietan egingo dute itxiera ekitaldia 19:30ean. Performance aldarrikatzailea egingo dute indarkeria matxistaren biktimei babes osoa adierazteko, eta hauteskunde-kanpaina betean gauden honetan, gizarteak normalizatu egin dituen diskurtso erreakzionarioen aurrean «kaleak gureak direla erakusteko».

Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin batera, gure eskualdean hainbat deialdi luzatu dituzte erakunde publikoek eta elkarte feministek. Irunen, 13:15ean elkartuko dira San Juan plazan Udal Berdintasun Batzordeak deitutako urteroko deialdian. Baina arratsaldean izango dira mobilizazio gehienak.

Urtero bezala, M8 Asanblada Feminista Bidasoak Hendaia, Irun eta Hondarribiko eragileak batu eta berdintasunaren aldeko aldarria kaleetara eramango baitu. Martxoaren 8an eskualde mailako manifestazioa egin ohi dute. Baina azaroaren 25ean, ekintza bana prestatu ohi dute asanbladako partaide diren, Hondarribiko Emeki, Irungo Gaurko Andreak eta Hendaiako Bagera elkarteko kideek beste zenbait eragilerekin batera. 

Oraingo honetan, «Faxismoaren aurrean, feminismoa» lelopean, elkarretaratzera deitu dute, eta ekintza performatibo aldarrikatzaile bat prestatu dute biktimei babesa adierazteko eta memoria historikoa aldarrikatzeko. Itziar Varela, Bagera elkarteko kide eta M8 Asanbladako partaideak azaldu duenez, herri bakoitzean ekitaldi bana egingo dute. «Helburua gaitz hau jasan duten, jasaten duten eta, tamalez, jasango duten emazte guztiei gure babes osoa erakustea da, ozen eta argi oihukatu nahi dugu ez daudela bakarrik», argitu du. 

Hendaian egingo dute aurreneko elkarretaratzea, 17:00etan, tren geltokian. Ondoren, Hondarribiko Martxoak 8 plazatxoan egingo dute performantzia eta kontzentrazioa 18:00etan. Eta Irungo Luis Marianoko lorategietan amaituko dute eskualdeko itzulia, 19:30ean. M8 Asanblada Feminista Bidasoak Zabaltza plazan antolatu ohi du azaroaren 25eko ekitaldia, baina aurtengoan hauteskunde kanpaina dela eta, ez dute kioskoa erabiltzeko baimenik lortu. 

Alde horretatik, hauteskunde-kanpaina betean, «kaleak gureak direla erakustea ezinbestekoa» dela deritzo Itziar Varelak. Izan ere, azaroaren 29an ospatuko diren Espainiako estatuko hauteskunde orokorren harira, gorroto diskurtsoen eta eskubideen atzerapausoen aurrean atzerapausorik ez emateko mezua helaraztea garrantzitsua dela pentsatzen du.

Hain justu, hauteskunde ziklo luze baten aurrean gaudela gogoratzen du, izan ere, udaberrian Frantziako gobernua erabakitzeko zein Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak ere ospatuko dira. Eta «kezkagarria da ikustea nola normalizatu egin diren diskurtso erreakzionarioak, mezu matxista, arrazista eta xenofoboekin», dio Varelak. «Ez dira ezkutatzen, astokeriak esaten dituzte, eta bada jendea ontzat eman edo normalizatzen dituena», salatzen du. Zentzu horretan, «hainbeste borrokatu ditugun eskubideak galtzeko arriskua dugula konturatu beharra dugu» bere ustetan.