Historiako liburuetan irakurri ezin diren emakumeen berri izanen dute Beran

Ekhiñe Zapiain 2025ko ots. 1a, 16:43

Emakumeak historia liburuetatik at merendu-tertulia antolatu dute Espidobaita Elkarteak eta Goldatz Berako emakume talde feministak heldu den otsailaren 9an, arratsaldeko 17:00etan. Espidobaita elkartean bertan izanen da hitzordua eta «historiako liburuetan lekurik ez duten mundu mailako zein zonaldeko emakumeen berri» emanen dutela azaldu digu Nahia Senper elkarteko kideak.

Erranairu batek dio nondik gatozen jakin behar dugula nora goazen jakiteko. Alabaina, batzuetan iraganean gertatu denaren zati bat soilik iristen zaigu, eta ez dugu bere osotasunean ezagutzen benetan zer izan den pasatu dena; edo are, nor izan den gure aitzinetik existitu dena eta zerbait egin duena.

Analisi hori egiten dute Espidobaita elkarteko zein Goldatz Berako emakume talde feministako kideek, eta emakumeek historiako liburuetan duten presentzia eskasari bira eman nahi izan diote. Horretarako, hitzordua adostu dute heldu den otsailaren 9an, eta merendu goxoaren bueltan arituko dira azalpenak partekatzen.

Ezker Abertzalearekin lotuta dagoen kultur elkartea da Espidobaita. Bertako batzordean sartu berria da Nahia Senper, eta gurean izan dugu antolatu duten hitzorduari buruz xehetasunak ematen. Bera izanen da Mattane Rodriguezekin batera merendu-tertuliako hizlaria. Biak dira historia-irakasleak, eta kezka partekatu batetik atera zitzaien hau egiteko ideia: «Mattanek Lesakan jada emana zuen gisako hitzaldi bat, eta Beran egiteko proposatu nionean baiezkoa eman zidan; beraz, biok eginen dugu solasaldia».

Rodriguezek aitzinetik egin zuen hitzaldi hartan mundu mailako emakumeak izan zituen hizpide, eta aldi honetan, horretaz gain, eskualdeko emakumeetan ere jarriko dute arreta Senperrek azaldu digunez; «Zonaldeko emakumeak ere aipatuko ditugu, ezezagunak izanen direnak anintzentzat, baina garrantzia handia izan dutenak».

Espidobaita Elkartea indartze prozesu batean dagoela aitortu digu, urte dezentetan ekimen ugari antolatu dituen arren, azken urteetan nahiko geldi egon baita, baina «jende berria sartu eta elkartea biziberritzeko ahaleginean» ari direla nabarmendu du.

Eta inondik ere, nabaria da hori: iazko urtea Beran lehen aldiz Mikel Zabaltzari egindako omenaldi batekin eta Bortzirietako bertso-eskolaren saioarekin itxi zuten, eta berria hasi denetik Aroztegiko auziperatuak izan dituzte hitzaldia ematen. Hurrengoa merendu-tertulia izanen da, eta Lesakako Arrano elkartearekin elkarlanean zeozer egitea ere badute burutan.

Memoriaren transmisioan jarduteko prest

Iraganari erreparatzearen garrantzia aldarrikatzea da Espidobaitak duen helburuetako bat. Lan-lerro horri tiraka, nondik gatozen jakitearen beharraz aritu da Senper: «Faxismoaren gorakada ikusita argi dago ez dugula gibelerantz gehiegi begiratzen. Garrantzitsua da hori egitea etorkizuna eraikitzeko, eta gauzak ez errepikatzeko».

Historia garaile izan diren gizonek idatzi dute, eta emakumeen inguruko kontuetan hutsune handia dago, halabeharrez. Solasaldi honekin «horri buelta ematea» da helburua, eta «interesa duen edonor» gonbidatzen dute. Dinamika ere horrelakoa izatea nahi lukete: irekia, arina, parte-hartzailea… elkarrengandik ikasteko modukoa.