Berako 9. Azienda feria larunbata honetan ospatuko da

Aitor Errazkin 2025ko api. 24a, 15:55

Argazkia: erran.eus

Baserriaren presentzia eta balioa azpimarratzeko helburuarekin, larunbatean ganadu erakusketa ospatuko da herrian. Dozena bat baserritarrek parte hartuko dute, eta guztira 60 ale baino gehiago ikusi ahal izango dira. Jarduera kiroldegiaren aurreko patioan egingo da, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera bitartean. Erakusketa hau lehen sektoreari aitortza egiteko eta herritarrak tokiko ekoizpenarekin harremanetan jartzeko tresna gisa aurkezten da

Urteroko hitzordu bihurtu da herriko ganadu erakusketa, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango. Larunbatean, goizeko 10:00etatik 13:00etara, herriko baserritarrak bilduko dira kiroldegiaren aurreko patioan beren aziendak erakusteko. Behiak, ardiak, zaldiak, poniak, astoak edota pottokak ikusi ahal izango dira bertan, guztira 60 bat ale aurreikusi direlarik.

Udalak azaldu duenez, ekimenaren helburua da lehen sektoreari ikusgarritasuna ematea eta herritarrak tokiko ekoizpenarekin lotzea. Hain zuzen ere, ganaduaz gain, baserritarrek ekoitzitako produktuen azoka ere izango da: eztia, ogia, gazta eta bestelako produktuak salgai jarriko dituzte.

Dozena bat ustiategik hartuko dute parte, eta ekimenak herriko giroa biziberritzeaz gain, belaunaldi berriei baserriaren inguruko ezagutza hurbiltzea ere bilatzen du. “Erakusketak badu izaera pedagogikoa ere, gaztetxoek animaliekin harreman zuzena izateko aukera izango dute”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Horrelako ekimenek lehen sektorearen garrantzia azpimarratzen dute, eta aldi berean, tokiko kontsumoa eta landa-munduko bizimoduari balioa ematea sustatzen dute.