Berako turismo bulegoa

Unax Elexpuru: «Gure eskualdean esfortzu handia egiten da turismoa jasangarria izan dadin»

Ekhiñe Zapiain 2025ko ira. 2a, 10:27

Bosgarren udara igaro du Unax Elexpuru beratarrak turismo teknikari gisara lanean. 2019. urtean hasi zen jardun horretan, eta lehendabiziko lau denboraldiak Ibardingo turismo bulegoan igaro ostean aurtengo sasoia estreinakoz herriguneko bulegoan pasatu du. Berarekin izan gara balorazio orokor bat jasotzeko asmoz, eta «hagitz gustura» dagoela eta «Beran turismoa handitzen» ari dela aipatu digu.

«Niri lan hau gustatzen zaidalako eman ditut hemen bortz urte», aipatu digu soalsean hasi bezain pronto Unax Elexpuru beratarrak, mapa eta liburuz beteriko bere lan-bulegoan. Turismo teknikari gisara lanean pasa ditu azken udarak, eta lau denboraldiz Ibardingo turismo bulegoan jardun ondotik herriguneko bulegora jaitsi da aurtengo udaran. Izan ere, Berako herriak bi turismo bulego ditu, bata Ibardinen eta bertzea herrigunean. Azken honetan bizitako esperientziaz aritu gara Elexpururekin bertan jarri dugun hitzorduan. Bisitariei harrera egitea maite du: «Jendeari laguntzea gustatzen zait eta gure txokoetako gauza interesgarriak azaltzea. Nik ere anitz ikasi dut; bazeuden ezagutzen ez nituen gauzak, eta hemen lan eginda ikasi behar izan ditudanak».

Ibardingo turismo bulegoan eta herrigunekoan bizi izandako esperientzia «desberdina» izan dela dio Elexpuruk. Hurbildutako bisitarien profilaren baitan oinarritu du gehienbat iritzi hori: «Bi dira Ibardingo bulegotik edo herrigunekotik pasatako turisten arteko alde nagusiak; batetik, Berara Espainiar Estatutik etortzen dira gehienak, eta Ibardinera Frantziar Estatutik. Gainera, eskatzen dutena ere desberdina izaten da. Berara datozenek informazio gehiago eskatzen dute herriko historiari edo eraikinei buruz, adibidez. Ibardinera datozenek aldiz informazio komertziala nahi izaten dute oro har, edo bertan egin dezaketen mendi-ibilaldien berri ematea», azaldu digu.

Baliabide gehiago, eta bisitari gehiago

Berara etorritako bisitari guztiak ez dira turismo bulegora bertaratzen, eta informazio eske hurbildutakoak helduak izan direla nabarmendu du Elexpuruk. Etortzen den jendearen adina galdegiten ez duen arren, nabarmendu du ez dela jende gaztea izan orokorrean hurbildu zaiona. Ohiturak aldatzen ari diren garai hauetan oraindik ere turismo bulegoek funtzio bat betetzen dutela argi du: «Nik nabaritu dut oraindik ere jendeak nahiago izaten duela esku artean papera hartu baliabide digitalak erabili baino. Alde horretatik erranen nuke bisitari gehienak 45 urtetik gorakoak izan direla, edo nik nabaritzen dut jende gazte anitz ez dela bulegora etortzen», adierazi du.

Aurtengo denboraldian herriguneko bulegoan berrikuntzak egin dira, irudi berriak ezarriz eta kanpotik ere itxura aldatuz. Aldaketekin «hagitz gustura» dago Elexpuru, «lan egiteko leku gehiago» duelako. Gaineratu du lekuan bertan egin diren aldaketa estetikoek eta gehitu diren baliabideek lana arintzen diotela: «Bulegora hurbiltzen diren bisitarientzat esperientzia hobea da orain. Bizpahiru talde agertzen badira eta ni talde bati azalpenak ematen ari banaiz, gainerakoak panelak ikusten dituzte, paretetako irudiak… eta informatzen hasten dira. Kanpotik ere gehiago ikusten da orain; nik uste txukun gelditu dela» erran digu.

Gainera, orain dela aste batzuk bisita gidatuak egiten hasi ziren eta «arrakasta handia» izan dutela eta «jendea konten» dagoela aitortu du Elexpuruk.

Bera: babestu beharrreko herri erreferentea.

Berako Udalak turismo jasangarriaren bidean egiten du lan eta hala, Elexpuruk sentitzen du zentzu horretan gure eskualdean eskaintzen diren baliabideek babes hori daukatela: «Beran egiten diren turismo ekitaldeak ez dute masifikazio bat ekartzen. Badaude inguruan gune batzuk bertzelako interes batzuk dituztenak, baina guk azkenean bertze zerbait eskaintzen dugu, lasaitasuna eta inguruaz gozatzea, erraterako. Hemengo jendea da baliabideak eskaintzen dituena, eta zentzu horretan, babestuak gaude. Beti dugu geure bizitzak masifikatzeko arriskua, eta segitu behar dugu esfortzua egiten gure bizimodua babesteko».

Berara datozen bisitariek herrian zer ikusi nahi izaten duten galdetzean Elexpuruk azaldu digu oro har ez dutela ideia nabarmen bat izaten, eta beraz, berak azaltzen diena aditzeko prestutasuna izaten dutela: «Gehienak etortzen dira eta galdetzen didate: zer dago hemen ikusteko? Nik azaltzen dizkiet non dauden herriko gune historikoak, eta nola bisitatzen ahal dituzten», erran du. Gaineratu du herriak berak aberastasun handia duela eta erreferentzia bat dela eskualdean zenbait alorretan.

Aitzinera begira emateko pausu bat ere identifikatu du, bisitarien feedback-a jasotzeko moduren bat asmatzea: «Nik imaginatzen dut zer gustatzen zaion gehien jendeari… hemengo gastronomia edo lasaitasuna, adibidez. Baina azalpenak eman ostean jendea ez zait etortzen erratera zer iruditu zaion ikusitakoa. Alde horretatik nik uste hurrengo denboraldietarako pentsatu genezakeela nola lortu erantzun bat etortzen diren bisitariengandik» azaldu du.

Orokorrean aurtengo udarako denboraldia ongi baloratu du Elexpuruk, aitortuz denboraldi bukaeran eginen duten txostenean ikusiko dituztela datu zehatzak, baina bere sentsazioa dela «Beran turismoa handitzen» ari dela, eta «Europako herrialdeetatik hurbiltzen diren turistak geroz eta gehiago» direla.

 

Argazkia: Erran.eus