Maiatzean egin ordez, aurten estreinakoz udazkenean ospatuko da Berako gazte eguna. Urriaren 4an jarri du hitzordua Barraskilo gazte taldeak, eta Eider Molinero kideak eman dizkizgu egunari buruzko azalpenak: «Herrian maiatzean bazeuden bertze hainbat ekintza, eta bertze eragileen programazioa ez oztopatzeko urrira pasatzea pentsatu genuen. Printzipioz ez da hitzordu anitzeko hilabete bat, beraz, ikusiko dugu ea egun berria jendeak nola hartzen duen», kontatu digu.
Hala, ekintzaz beteriko eguna ospatuko dute Toki-Onako zelai gorrian herriko gazteek:
- 10:30: Txupinazioa
- 11:00: Ginkana
- 12:30: Karropoteoa
- 14:30: Bazkaria
- 17:30: Jokoak
- 19:00: Punttu Kakotx elektrotxaranga
- 23:00: Zilibito Records
- Ondotik DJ Onddotik
Bazkariko txartelak Purienea dendan jarri dituzte salgai irailak 14ra bitarte, eta berrikuntza gisa txartelak eskuratzerako orduan gazte eguneko kamiseta ere eskuratuko dute gazteek. Horrez gain, mahoizko galtzak eramateko deia luzatu dute.
Beharrari erantzuteko prest
Orain dela urte batzuk sortu zen Beran Barraskilo gazte taldea. «Ni ez nintzen hasieratik bertan izan, baina egia da herri mailan gazteok somatzen genuela mugimenduren baten falta. Egiten ziren ekintzetatik kanpo gelditzen ginen nerabeak eta gazteak» azaldu digu Molinerok. Hari horri tiraka, talde bat eratzea erabaki zuten.
«Herriarentzat eta herrian bertan ekintzak antolatzeko» xedez osatu zuten taldea, eta geroztik ekintza andana antolatzen dute urte osoan zehar. Gazte eguna ere gogo horretatik hasi ziren prestatzen: «Argi gelditzen da jendeak gazte eguna gogoz hartzen duela, eta bertze gazteek ere faltan sumatzen zutela horrelako zerbait», erran digu Molinerok.
Beraz, aurten ere, beharrari erantzuteko prest egunaz gozatzeko aukera izanen da Beran urriaren 4an. Azken mezu gisa jendea antolatzeko deia ere luzatu du beratarrak: «Animatu nahi dugu jendea taldean parte hartzera, esku anitz behar izaten baitira horrelako gauzak egiteko. Edozein laguntza esker onekoa izanen da».