Zuhaitzak, gizakion gisan, bere bizitzan ziklo ezberdinak zeharkatzen ditu. Hala ere, batzuetan gertatzen da bortxaz moztu, hil eta botatzen direla arbolak. Justuki, horrela irudikatu nahi izan ditu Berako Espidobaita Elkarteak espetxe politikaren ondorio lazgarrienak pairatu dituzten herritarren kasuak. Horietako bat izan zen Jose Angel Alzuguren Kotto beratarra. 2001ean atxilotu zuten lehen aldiz, eta torturak salatu zituen. Lehendabiziko espetxealdetik atera zen lau urtera, eta berriz ere sartu zuten 2005ean. Egun gutxira hilik topatu zuten Soriako espetxeko bere ziegan.
Memorian gordea du 2005eko urriaren 31 hura Asier Calderon Espidobaita elkarteko kideak: «Beran izugarrizko ondorioa izan zuen. Garai horretan, guk bertze adin bat genuen, baina nik uste denoi etortzen zaizkigula burura egun horretako irudiak; zer nolako mobilizazioa egon zen, herriak nola egin zuen gainezka… nik uste, garai horretan kontzientzia minimo bat genuenentzako barrenean gelditu zaigun zerbait izan dela beti», azaldu du.
Izan ere, jasandako torturen ondorioz tratamentuan zegoen Kotto, eta hala ere, berriz bakartu eta espetxaratu zuten. Calderonek nabarmendu du, heriotza eta hogei urte beranduago, antolatu diren ekitaldi guztiekin gertatu zena «zergatik gertatu zen» oroitzea lortu nahi dutela: «Urtez-urte egin dugu Kotto oroitzeko ekitaldiren bat. Baina hau urte borobil bat zen, eta hogei urte ondotik, garrantzitsua zen. Ez bakarrik oroitzen segitzeko, baizik eta duela hogei urte hor egon ez zirenek edo ikusi ez zutenek transmisio hori izateko, eta jakiteko zer gertatu zen eta zer suposatu zuen Bera bezelako herri batentzat».
Loratzen: Herriari emana bizitzearen islada bat
Kottoren heriotzaren hogeigarren urteurrena baliatuko dute, bertzeak bertze, Loratzen dokumentala herriari aurkezteko. Kottori buruz ondu duten dokumentala da, Garazi San Martinek zuzendu duena. Zuzendariak aitortu du, lana egin bitartean joan dela Kotto nor zen ezagutzen: «Ardura hau pixka bat itsu hartu nuen. Pasa zizkidaten xehetasunak, baina ez nekien zer zen gertatu zena, eta ez nekien nor zen Kotto. Estatuaren ondorio latzak pairatu zituen norbait zela pentsatu nuen, eta dokumentalean sartzen joan ginen heinean, bertze gauza batzuk pasatu ziren, eta konexio bat izan nuen berekin», azaldu du.
Hain zuzen, Kotto kirolaria zen, futbolari eta mendizale amorratua. Berako kultur ekimen ugariren sustatzaile eta parte hartzailea, zurgina ofizioz, zinegotzi eta herriari emana bizi zen pertsona bat. Bere inguru zabal horretako ezagunak eta lagunak bilduko dituzte Loratzen dokumentalean berari buruz solasean aritzeko, eta San Martinek adierazi du, natura ere helduleku garrantzitsua izanen dela: «Kottoren pasioa mendia zen. Euskal Herriak ere, badauka horrelako lotura sakon bat naturarekin; naturaz inguratuta gaude. Dokumentalari forma emanez, ikusi genuen nola lauburuak ere naturaren lau elementuen erranahia hartzen duen batzuetan (lurra, sua, ura eta haizea). Horren harira, horrela estrukturatu dugu dokumentala. Etenaldi batzuk egonen dira bertan, eta ikusiko dugu nola naturaren lau elementuek ematen dioten forma bizitzari».
Toturaren zauriak bistara
«Zer, nola eta zergatik gertatu zen» azaldu nahi dute dokumentalarekin eta antolatutako guztiarekin. Calderonek nabarmendu du, marko jakin batean ulertu behar dela Kottoren heriotza: «Gertatu zena testuinguru jakin batean gertatu zen, gatazka jakin batean. Hor atzean tortura zegoen. Torturak uzten dituen zauri sakonak, sendatzeko hagitz zailak direnak (…) Lehendabiziko espetxealditik Kotto kalera atera zen, eta berriro sartuarazi zuten. Ardura utzikeriak egon ziren. Behar batzuk zituen jasandako torturen ondorioz, tratamendu psikologiko bat baitzuen. Horiek ez jasotzeak, ondorio batzuk izan zituen. Uste dugu utzikeria hori kontzienteki egin zutela eta salatzeko eta erdigunean kokatzeko elementu bat dela», adierazi du.
San Martinek gehitu du zauriak ez zituela Kottok soilik pairatu, eta nabari dela, hogei urte pasa diren arren, bere ingurukoek ere min hori barruan daramatela: «Dokumentalean entzungo dugu nor zen Kotto, nolakoa izan zen berarekin izan zuten lehen kontaktua… Batzuk ez zuten sekula hitz egina honi buruz, eta lehenengo hitz horiek topatuko ditugu. Emozio askoz bilduta. Beldurra oraindik badagoen erreminta bat da, gure herrian dagoena. Eta batzuetan badaukagu barruan zerbait, ez diguna hitz egiten uzten. Hori da azkenean heriotzak ekartzen duena. Testigantzak eman dituztenentzat oso ariketa gogorra izan da. Oso gai latza da», erran digu.
Hitzorduak udazken osoan zehar
Espidobaita elkarteak Udazkena loratzen zikloa antolatu du Kottoren heriotzaren hogeigarren urteurrenaren harira. Lehendabiziko hitzordua ospatu dute jada (irailaren 28an egindako bertso saio musikatua) eta hurrengo datak hurrenak izanen dira:
- Urriak 10: Torturaren arrastoak hitzaldia. Berako Espidobaita Elkartean, 19:00etan. Jeannette Ruiz (psikologo klinikoa), Amaia Izko (abokatua) eta Izaskun Rekarte (dinamizatzailea).
- Urriak 31: Kottoren heriotzaren 20. urteurrena. Presoen aldeko elkarretaratze berezia.
- Azaroaren 1: 11:00etan Berako Kultur etxean Loratzen dokumentalaren estreinaldia. Ondotik poteoa Kuxkuxtu txarangarekin, eta 14:30etan bazkaria Zubiondon (txartelak salgai egonen dira urriaren 13tik 26ra Berako Purienean eta Lesakako Arranon).
- Azaroaren 2: Goizean zehar omenaldia Otsandan.
Argitu dute, hurrengo egunotan sare sozialetan emanen dutela xehetasunez hitzordu hauen berri.