Heldu den igandean eginen da aurtengo Berako Lurraren Eguna; hala ere, asteburu osoan izanen da giroa herrian. Larunbatean, urriak 25ean, goizeko 9:30etatik aitzin Boteluze partidak eginen dituzte Eztegara pilotalekuan. Arratsaldean, Lizuniagako Igoera eginen dute (15:30ean haurren proba eta 17:00ean helduena), eta 19:00ean Gure Txokoa Dantza Taldeak jaialdia antolatu du Eztegara pilotalekuan (Igualadako eta Irungo dantza taldeekin batera).
Erran gisan, igandean izanen da egun handia. Lurraren Eguna ospatuko dute, baina aurten, dauden baldintzetara egokituta. Izan ere, Altzate karrikako moldaketa lanak asteon hasi dira, eta beraz, Kanttonberri karrikara lekualdatuko dute ospakizuna. Iamoteneako aparkalekuan postuak jarriko dituzte, bertan kabitu daitezkeen neurrian.
Baldintzetara egokitutako Lurraren Eguna
Igandeko goizeko 10:30ean txalaparta doinuekin irekiko dute azoka, eta 14:00ak arte elikagaien salmenta postuak irekiak egonen dira. Artisauen, barazkien eta fruten erakusketak, talo postuak edota baserriko lanabesen erakusketak egun osoan zehar izanen dira.
Karrikak musikaz alaituko dituzte Irats eskolako trikitilari eta pandero jotzaileek, baita Berako musika eskolako txistulariek eta Berako txistulariek ere. Oiartzungo Xirolarru taldea ere bertan izanen da.
Goizeko 11:00ean gasna leihaketa herrikoia eginen dute, eta 12:00ean sagardo leihaketa. Izokinari buruzko ziklo antolatu du hilabete honetan Udalak, eta igandean ere presente egonen da: aitzinetik epaileek aukeratutako ikastetxe bakoitzeko pintxoa erosteko aukera izanen da; gainera, eguerditik aitzinera ikastetxe bakoitzaren postuan salgai jarriko dituzte pintxo horiek.
Arratsaldean, 17:00ean gasna eta sagardo leihaketako sari banaketa eginen da bertso-saio baten bitartez, San Jose egoitzaren aitzinean. Eguna borobiltzeko, mutxikoak izanen dira leku berean Otsanda musika taldearekin, eta danbolinetan erretako gaztainak eskainiko dituzte.
Aparkatzeko kontuan hartu beharrekoak
Postuak Iamoteneako aparkalekuan eta Kanttonberri karrikan jarriko dituztenez, hainbat aldaketa eginen dituzte autoak aparkatzeko. Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait ohar:
- Kanttonberrin, San Jose egoitza ingurua edo Iamoteneako (Toki-Onako) aparkalekuak ezinen da aparkatu igandeko goizeko 06:00etatik 20:00etara bitartean. Etxebizitza hurbiletako senideei sarbidea utziko diete, baina gainontzekoek ezinen dute ez pasatu ezta aparkatu ere.
- Herriko ohiko aparkalekuez gain, Agerrako futbol zelai ondoko belar soroa irekiko dute jendeak aparatu dezan.
- Autobus geltokietan ere egokitzapenak egin dituzte: Urriaren 25ean eta 26an, Lurraren Egunean eta bezperan, Toki Onako aparkalekuaren ondoko geltokia ez da erabilgarri egonen. Egun horietan bertako geltokia Bidasoa karrikara pasatuko da. Iruñeko noranzkoan Bidasoa karrikako 12. zenbakian egonen da geltokia, Martzutzak dendaren parean, eta Irungo noranzkoan berriz, Bidasoa karrika 5ean, Apezabaita etxe parean.