feminismoa

Irri nori eta zeri egiten diogun hausnartzeko aukera bat

Ekhiñe Zapiain 2026ko urtarrilaren 22a

Umoreari buruz solasean arituko dira asteburuan Beran. Goldatz herriko emakume talde feministak Umorea feminismotik zikloa antolatu du, eta teorizatzeko, hausnartzeko eta irri egiteko pare bat hitzordu antolatu dituzte urtarrilaren 24 eta 25ean.

Umorean ere eragiten du genero-sistemak. Sorreran, garapenean, erabileran… irri nori eta zeri egiten diogun mahai gainean paratu nahi izan du Goldatz Berako emakume talde feministak, eta hala, Umorea feminismotik zikloa antolatu dute heldu den asteburu honetarako. Bi hitzordu proposatzen dituzte, urtarrilaren 24ean lehendabizikoa, eta biharamunean bertzea (urtarrilak 25).

Urtarrilaren 24ean goizeko 11:00etan Berako Beralandetan eginen duten hitzaldi batekin hasiko da zikloa. ‘Graziak eta desgraziak: umorearen alde iluna’ solasaldia eskainiko du Uxoa Anduagak. Soziologian lizentziaduna eta doktorea da Anduaga Euskal Herriko Unibertsitatean, eta umorearen barne mekanismoak aztertuta ondu zuen doktore tesia.

Urtarrilaren 25ean berriz, Mirari Martiarena umoregilearekin ongi pasatzeko tartea izanen da. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua Beralandetan, eta ‘Pototan’ bakarrizketaz gozatzeko aukera izanen da. Martiarena umoregile, gidoigile eta kazetaria da, hamaika bakarrizketaren gidari eta sortzailea. Goldatzeko kideei espreski prestatu eta egokitutako ikuskizuna emanen du.