Lesakan, Iruritan eta Leitzan izan ondotik Berara ailegatu da Pinpilinpauxa horiak antzezlana. Beran taularatuko du Mairu Antzerki Tailerrak bere azken obra, larunbat honetan (otsailak 28), arratsaldeko 19:00ean Berako Kultur Etxean. Gaizka Sarasola lesakarraren testua du oinarri antzezlanak, eta bi urtez aritu dira hura gorpuzteko lanean. Sarasolak berak Antxeta Irratiari eskaini zion elkarrizketan hala adierazi zuen: «Nahiko mantsoa da prozesua, baina guk horrela behar dugu. Irakurri, lantzen hasi, bueltak eman… eta gero poliki-poliki joaten gara gorputza ematen testuari. Gorputza lantzeko soinua garrantzitsua da, eta Ibai Gogortzaren laguntza izaten dugu. Argiekin Andoni Mendizabalek egin dizkigu lanak, eta antzezlan honetan, eszenografiak garrantzia handia izan du eta horretan Led Silhouette konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez aritu dira gurekin lanean. Gainera, beti hor izaten dugu Manex Fuchs, guk barrenetik lantzen duguna kanpotik begiratu eta indarra emanez guk gorpuzten dugun horri».
Pinpilinpauxa horiak lanean Ritxi Abril, Josune Etxepare, Itziar Telletxea, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ainara Ribera eta Iban Garro dira antzezleak. Hala dio sinopsiak: «Mugako ostatua da Pinpilinpauxen Benta, eta Maritxu bertako nagusi eta langilea. Sua biztu da inguruko mendi eta basoetan, eta suak inguratu du ostatua. Bertara doan errepidea zein gainerako bide guziak moztuta daude. Komunikabide guziak ere erori dira. Isolaturik geratu dira, Maritxu bezala, bertan dauden bezero guziak ere. Zazpi tximeleta etxaldean preso. Horietariko bakoitzak, bere alderik ederrena erakutsi nahi izanagatik ere, iraganeko har bat darama berarekin. Beraien arteko mesfidantza areagotu baino ez denean egiten, nor bere kapuluan sentitzen da seguruen».