Badira hilabeteak Espidobaita elkarteak Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituela eta atzokoan ere hori bera egin zuten, nahiz eta azken hitzordu hau bereziago izan. Izan ere, Global Sumud flotillako ontzi batean zihoan Luka Remiro beratarra bahitu zuen Israelgo armadak pasa den astearte eguerdian eta beraz, berari zuzenean elkartasuna adierazteko atera ziren beratarrak kalera. Gainera, Remiro berarekin solastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek eta berak azken orduetan bizitutakoa azaldu zien guztiei, eskerrak emateaz gain.
Luka Remiro zihoan Elengi ontzia bahitu zuen Israelgo armadak pasa den astearte eguerdian. Zuzenean segitu ahal izan zuten batzuk momentua eta bideoan ikusi zen bezala, soldadu armatuak ontzi barruetara sartu ziren, zuzeneko emisio hori ere etenda. Global Sumud flotillak ohar bidez jakinarazi zuen gero, bahitutako ekintzaileak "indarrez Palestina okupatutako portu batera" eramaten ari zirela eta atxilotuek gose greba hasi zutela. Horren aitzinean, eskualdean elkarretaratzeak antolatzen hasi ziren, tartean atzokoa Beran. Ordurako aske utziak zituzten ekintzaileak eta euskal herritarrak Turkiara eramanak zituzten, bertatik etxera hegazkin bat har zezaten.
Hori zela eta, Remirorekin berarekin solastatzeko aukera izan zuten Plazara bertaratutakoek. Beratarrak Turkiako aireportuan zeudela kontatu zuen eta “autobusetan komisaria batera” eraman behar zituztela, beharrezko tramiteak egin eta etxera buelta egiteko hegazkina hartu ahal izateko. Horrez gain, Remirok azken orduetan bizitutakoa jakinarazi zien herrikideei. Batzuk 24 ordu bahituak egon direla aipatu zuen, eta bertze batzuk 30 eta 36 ordu ere. “Lehenbizi nazioarteko uretan” egon zirela erran zuen, “Israelgo armadak kontrolatutako kontzentrazio esparru” batean. Ondotik, 24 ordu eman dituzte kartzela batean. Ordu horietan guztietan, “umiliazioak, kolpeak eta abusu sexualak” egon direla ere salatu zuen eta beratarra, bereziki, ongi badago ere, zenbait ekintzailek “saihetsak xehatuak edo buruan kolpeak” dituztela azpimarratu zuen. “Urik gabe, janaririk gabe eta belauniko eduki gaituzte ordu luzez”, gaineratu zuen.
Hau dena jakinarazita, beratarrak ekintzaile guztiak egun hauetan burutan zerabiltzatena adierazi zuen: “Gure baitan pentsatu duguna izan da guri horrela tratatu bagaituzte, pentsa nola tratatuko dituzten preso dauden 10.000 palestinar horiek”. Gaur goizean Euskal Herriko delegazioari ongi etorria egitea aurreikusia zuten Bilboko aireportuan, baina horietako bi Turkian gelditu behar izan dira ospitaleratuta, jasotako jipoiengatik, eta bertze lauk han gelditzea erabaki dute, tartean Remirok eta Hegoa Bengoa baztandarrak ere. Beraz, ongi etorria gibeleratu beharko dute, denak osatu eta Euskal Herrira bueltatzen diren arte.