Uda sasoia bukatzear da eta Berako Turismo Bulegoak dagoeneko egin du bere balorazioa. Maria Etxabe izan da ekainetik aitzinera turismo teknikari gisa lanean aritu dena eta Berak turista andana jaso dituela jakinarazi du. 400 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute herriko erdigunean kokatua dagoen turismo bulegoa ia lau hilabetez. Gehienak mendizaleak izan dira, europar jatorrikoak denak, baina badira eguna pasatzera Bortzirietako herrira ailegatu diren familiak ere. Hauentzat guztientzat informazioa prest zuen Etxabek: mota guztietako mendi ibilbideak, herriko kultura eta historia erakusten duten paseoak, bisita gidatuak eta, aurtengo berrikuntza izan den, tokiko produktuen erakusleihoa.
Ekainean ireki zuten Berako Turismo Bulegoa, uda sasoiari hasiera emanez. Orduan oraindik “jende aunitz ez zela ibili” dio Maria Etxabe turismo teknikariak, baina ondotik, uztaila eta abuztu jendetsua izan dela jakinarazi du: “Programa bat dugu bulegora etortzen den pertsona kopurua erregistratzeko eta uztailean 200 bat pertsona izan genituen. Geroztik ere ibili da jendea, 200ik goiti izan dugu beti”. Urrira bitarte, udako ordutegi berarekin segituko dute, nahiz eta dagoeneko nabaritu duten ikasturtea hasi dela: “Irailean jende gutiago sumatu dugu; asteburuetan gehiago, astetartez baino”.
Berara ailegatzen diren turisten profila zehatza dela ere argitu du Etxabek: “Batez ere mendizale aunitz etortzen dira. Udan gutiago, baina ekainean eta uztailean aunitz. Eguna pasatzera etortzen diren familiak ere badaude eta Gipuzkoara bidean joaten direnak”. Mendizaleei dagokienez, GR-11 ibilbidea egiten dute gehienek eta “Holandatik eta Ingalaterratik” etortzen direla aipatu du teknikariak. Familiak aldiz, Espainia eta Kataluniatik datoz Berara, eta Frantziatik etorritako turismoa “besten inguruan interesatzen” dela gaineratu du.
Horientzat guztientzat Etxabek prest izaten du informazio guztia. Bulegora sartu bezala, bisitariek “panel batzuk” dituzte “herriko mapa eta herriko kulturarekin”. Horrez gain, teknikariak “QR kode” bat eskaintzen die herrian markatuta dauden mendiko ibilbideekin: “Badira sei ordukoak, bi ordukoak edo ordubetekoak. Bidasoko Bide Berdea dugu hemen ere, baita GR-11 ibilbidearen mapak”. Gainera, bisita gidatuak eskaintzen ditu Etxabek nahi duenarentzat, eta eskaintzaren arabera antolatzen dituzte ibilbide eta ordutegiak. “Telefonoz edo emailez idazten dute bisita gidatua nahi dutela eta eskaeraren arabera, antolatzen ditugu. Batez ere alde zaharra erakusten dugu: eliza, udaletxea eta Legia karrika. Lehengo etxeak daude bertan eta hori erakusten dugu. Alzate karrikatik ere pasatzen gara eta San Miguel zubitik ere paseo polita egiteko aukera dago”, adierazi du. Udan horrelako hiruzpalau bisita egin dituztela gaineratu du.
Aurtengo berrikuntzetako bat bulegoan bertan jarri duten tokiko produktuen erakusleihoa izan da. Berako eta eskualdeko ekoizleen produktuak izan dira bertan ikusgai egon direnak eta turistek, baina baita bertakoek ere, aunitz estimatu duten zerbitzua izan da: “Liburuxka bat dugu eta hor ekoizle guztien informazioa dago, jendeak gehiago ezagutu ditzan. Jendeak interesa erakutsi du, baita bertakoek ere”. Denei interesgarria iruditu zaie zerbitzu berri hau, bertakoak izanda ere, batzuetan herrian eta eskualdean ekoizten diren produktuen inguruan gutxi asko dakitelako.
Uda bukatzear badago ere, Maria Etxabe azarora arte egonen da turismo bulegoan lanean. Izan ere, turismo plan bat osatzen ari da udan bildutako informazioarekin: “Herriarendako turismo plan bat egiten ari naiz eta azaroan aurkeztuko dut. Uda guztian zehar aritu naiz horretan eta azarora arte ere hori eginen dut. Hemen lan eginda, ikusten dugu turistek zer bilatzen duten edo zer sumatzen duten faltan eta horrekin ideiak emanen ditut planerako”. Behin aurkeztuta, Udalaren lana izanen da hori atxikitzea eta martxan jartzea. Horrez gain, azken hilabete honetan nahi duenarentzat informazioa eskaintzeko prest egonen da Etxabe, baita bisita gidatuekin segitzeko ere.