Antzara Jokoaren usaia ospatu dute Biriatuko sanmartinetan

Koldo Nausia 2023ko aza. 6a, 11:54

Biriatun atzo, urtero bezala herriko San Martin besten kari, Antzara Jokoa ospatu zuten. Euskal Herriko toki ainitzetan zabaldua zen usadio zaharra galtzen joan da gehienetan. Baina Saran bezala, Biriatun ere gordetzen dute oraino.

Herriko malda nagusia mukuru betea zen herriko 6 gazte zaldunak ikusteko. Soka batetik zintzilikatua den hildako antzara bateri lepoa kendu behar diote. Lehena ezpata batekin ibiltzen da, eta erregea da. Eta bertzeak haien besoen indarraz heltzen diote antzararen lepoari. Aurten, aldiz, erregina izan da ezpataduna, 6 zaldunetatik 4 neska eta bi mutil izan baitira.

Haiekin eta hainbat biriatuarrekin mintzatu gira, herriko usadio zaharra atxikitzeak suposatzen duen ohoreaz. Baita kanpotik ikusminez etorritako bisitariekin ere. Mattin Landagarai, atzo zaldun izan zen estreineko aldiz, eta zintzilikatu zituzten sei antzaretatik, hiru buru hartu zituelarik “kontent eta harro” azaldu zaigu.

Aire Ahizpak-en kontzertu batekin borobildu zuten, joan den ostiralean Tripotx Afariarekin hasi zuten San Martin besten aurreneko aste hondarra. Hurrengo igandean, aldiz, atzo zintzilik ziren antzarekin Antzara Bazkari herrikoiarekin bururatuko dituzte San Martin bestak.