Duela bospasei urte sortu zen OMA elkarteak Biriatuko herriko etxearen laguntzarekin antolatuta, "permakultura eta oihan jangarrien" dinamika azkartu nahian dabiltzan Audrey Hoc eta Aimar Rodriguezek frutarbolen ekoizle ttipiak bilduko dituen egun osoko azoka berezia antolatu dute lehen aldikotz. Audrey Hoc zinemagintzan ezaguna da, baina zuzendari lanetan sobera estresatua bizi zela, duela bi urte bere "trantsizio ekologikoa" egitea erabaki zuen. Azaldu digunez, permakultura formakuntza egin eta oihan jangarrien arloan mugildu zen.
Gaur egun Itsasun instalatu da, eta arbol frutiudunen ekoizpen eta salmentan ari da. Hutsetik hasi zela azaldu digu, baina "naturaren deia" jaso zuela.
Azaroaren 26 hontan, igandearekin, egun osoko egitaraua proposatzen dute, Ipar Euskal Herriko arbol fruitudun, landare iraunkor eta zuhaixka ekoizle ttipiak batuko dituen merkatuaz gain, zuhaitzak sustrai agerian salduko dituztenez, berehala landatzeko teknikak irakatsi eta permakulturaz debate ireki bat ere antolatu dute. Bestalde, azaroaren 27an, astelehenean, hitzaldi bat ere izango da Hervé Covès adituarekin 18:00etan.