Elikadura Buruaskitasun Zikloa antolatu dute Biriatun

Aitor Errazkin 2024ko urr. 10a, 16:34

Azken urteetan Biriatun egin duten elikadura burujabetza eta trantsizio ekologikoaren aldeko arrapostuaren bidean sakonduz, Elikadura Buruaskitasun Zikloa antolatu dute Biriatun. Urriak 12, 13, 18 eta 19an iraganen da, eta frantses Estatu zein Euskal Herriko erreferenteen eskutik, orotara 4 hitzaldi eta ekintza proposatzen dituzte.

Biriatun "Elikadura Buruaskitasun Zikloa" antolatu dute, urriak 12etik 19ra bitartean,  iraganen da, eta bertan landuko dituzten gaien artean, oihan baratzeko ekoizpenak, abel-hazkuntza eta arbolaren kudeaketa eta trantsizio ekologikoa izango dira. Horretarako, frantses estatu mailako adituak gonbidatu dituzte, eta tailer eta bisita zenbaitzuk ere proposatuko dituzte. Urriaren 13an, adibidez, Etxalarreko "Ainitza" oihan baratzaren bisita eta sukaldaritza tailerra egingo dute. Ziklo honetan, Perpignan edota Borgoñako oihan-baratze proiektuak ezagutu ahal izango dira. 

Audrey Hoc, laboraria, frutarbol ekoizlea eta OMA elkarteko kidea da. Eta Biriatuko herriko etxearekin elkarlanean elikadura burujabetzaren aldeko dinamika abian jarri du herrian. Azken urteotan frutarbolen txertatze tailerrak eta Arbolaren Eguna antolatu izan ditu. Izan ere, Biriatuko herriak apostu garbia egin du elikadura burujabetzaren alde, eta frutarbol jangarriak landatzen hasi dira aurten herrigunean, ornamentalak ordezkatuz.

Zehazki, Biriatuko erdialdean "Zuhaitz eta landare Hesi" proiektu bat martxan jarri dute. Ekimen honen bidez, Biriatuko herriaren sarreran dagoen parkinaren atzealdean 200 metroko landare-hesia egokitu eta 300 frutarbol eta landare jangarri mota desberdin landatuko dituzte. Landaketa azarotik aurrera egingo dute. Landare hesi jasangarri honek ematen dituen fruituen parte bat Biriatuko eskolen kantinetara bideratuko dute.

Zikloaren hitzorduetan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute, horretarako Biriatuko herriko etxetik pasa edo 33 (0)5 59 20 71 24 telefono zenbakira deitzea besterik ez duzue.