Irailaren 27an bi zerrenden artean hautatu beharko dute biriatuarrek berriz

Antxeta Irratia

Joan den martxoan 17 bozken aldearekin erabaki ziren udal hauteskundeak ezeztatuak izan ondotik, irailaren 27an errepikatuko dituzte. Eztabaidaren erdigunean herriaren finantza egoera eta zorpetzea izanen dira. Horixe da egnugo oposizioko Altxa Biriatu zerrendan Michel Hiriarten lekukoa hartu duen Elur Alberdi zerrendaburuaren argudio nagusia. Biriatun Bizi zerrendak, berriz, 2025ean zorpetze apaltzeko 100.000 euroko soberakinak lortu dituztela defendatzen du.

 

Irailak 27an izanen dira Biriatuko bozak. Paueko administrazio auzitegiak Michel Hiriart auzapez ohiak aurkeztutako helegitea aztertu ondoren, martxoaren 15eko hauteskundeen emaitzak baliogabetu eta bozak errepikatzea agindu zuen. Udaberrian bezala, bi zerrenda izanen dira lehian oraingoan ere, baina zerrendaburu berri batekin: Elur Alberdi izanen baita Altxa Biriatuko zerrendaburua Michel Hiriarten ordez. Hiriartek 31 urtez auzapeza izan ondotik, 2020an agintea galdu zuen, eta joan den martxoan 82 urte zituela aurkeztu zuen bere burua.

Martxoaren 15eko hauteskundeetan 983 hautesleetatik 665ek eman zuten botoa Biriatuko herrian. Emaitzen arabera, Odile Susperregui Cornuren gidaritzapean aurkeztutako Biriatun Bizi zerrendak 333 boto lortu zituen, eta Michel Hiriarten Altxa Biriatu zerrendak 316. Horrela, Biriatun Bizik 17 botoko aldearekin eskuratu zuen garaipena. Baina jakina den bezala, herriko bozak baliogabetzea erabaki zuen ekainean Paueko Auzitegi Administratiboak. Michel Hiriart hautagaiak eta baliogabetutako bozen galtzaileak zuen helegitea aurkeztu, arratsaldeko bozen kontaketa ez baitzen legearen arabera egin: gutunen eta izenpeduren kontaketa ateak hetsirik egin zen, bozka kontaketaren momentuan ireki aurretik. Azkenean, gutun eta izenpedura kopuruak desberdinak ziren.

Hauteskunde hitzordu berriari begira, aldiz, joan den abuztuan jakinarazi zuen Michel Hiriartek ez zela gehiago hauteskundeetan alkategai aurkeztuko. Elur Alberdik hartu du lekukoa. Hondarribiko jatorria du eta urte luzetan Hendaiako Endaika eta Baionako Aviron arraun elkarteetan aritutakoa, kirolari paralinpikoa da arraunketan, baita munduko txapelduna ere. Orain Biriatun bizi dela, Michel Hiriarten lekukoa hartzeko erronka onartu du.

Hauteskunde horien erdigunean, hiriaren finantza egoerak izanen dira: Eskualdeko Kontuen Ganberak berriki publikatutako txosten batean, Herriaren finantzak kinka larrian daudela dio: 2020 eta 2024ra bitartean: langile-gastua %65 igo zen eta funtzionamendu-soberakina 155.251 eurotik 17.850 eurora jaitsi zen. Ondorioz, herriaren autofinantzaketa ez da nahikoa aurreko maileguak amortizatzeko. Horixe da Elur Alberdi Altxa Biriatuko zerrendaburuaren argudio nagusia. Hala ere, karguan zirenek diote geroztik egoera hobetu dela. Hala nola, 2025ean 100.000 euroko soberakina lortu dutela diote, zorpetzea apalduz. Horri begira ere, zorpetzea biztanleka inguruko herriena baino apalagoa dela justifikatu digu Aritz Lekuonak, Biriatun Bizi zerrendatik.