Antzara Jokoa ospatuko dute Biriatun igandean Sanmartin besten karietara

Antxeta Irratia

Datozen bi asteburuetan Sanmartinak ospatuko dituzte Biriatun. Gastronomiari eta usadio zaharrei lotutako bestak dira hauek, ia herritarren erdia biltzen duen bestak abiatzeko Tripotx Afariarekin hasi eta bigarren asteburuan ospatzen duten Antzara Bazkariarekin amaituz. Tartean, igande honetan, (16:00tan) herriko malda nagusian herriko zaldun gazteek ospatuko duten Antzara Jokoa izango da protagonista nagusia. Baina Besta Komiteak antolatutako kontzertuak edota Mozorro Gauarekin (azaroak 10) jarriko dute jai-giroa.

600 bat lagunentzako Tripotx Afariarekin hasiko dituzte gaur Biriatuko San Martin bestak. Urtero ia herritarren erdia elkartzen da Xoldoko frontoian urtero garai hauetan prestatzen dituzten tripotxak jateko irrikitan. Camino Berri sagardotegiak ateak itxi zituen arren, bertakoek tripotxak tradizioak agintzen duen erara prestatzen jarraitzen dutela argitu digu Jolana Duranona, Besta Komiteko kideak.

Alde horretatik, usadio zaharrak gorde eta gastronomiari lotutako bestak dira Sanmartinak. Izan ere, igandean, 16:00etan herriko malda nagusia mukuru betea egongo da herriko 6 gazte zaldunak ikusteko. Soka batetik zintzilikatua den hildako antzara bateri lepoa kendu behar diote. Lehena ezpata batekin ibiltzen da, eta erregea edo erregina da. Eta bertzeak haien besoen indarraz heltzen diote antzararen lepoari zaldiz trostan pasatzerakoan. Azken urteetan neska gehiago izan dira zaldun animatu direnak, herriko mutil gazteak baino. Antzara Jokoaren ondotik, aurten Mutxikoak 18:00etan izango dira, eta Lagunak taldearekin amaituko dute igandea Hiribarren ostatuan. 

Gogoan hartu behar da, Antzara Jokoa behin ospatuta, hauek kozinatu eta azaroaren 15ean Antzara Bazkarian dastatuko dituzte herriko besta amaiera ospatzeko. Tartean, azaroaren 11n (jaieguna Ipar Euskal Herrian) haurren eguna izango da, eta hainbat jarduera antolatuko dituzte haiendako. Eta gazteek, aldiz, olinpiar jokoak ardatz hartuta Mozorro Gaua antolatu dute azaroaren 10ean, Xoldoko ostatuan.

Gainerakoan, Besta Komiteak antolatutako kontzertuak, mutxiko dantzak eta animazio anitz programatu dituzte bi asteburu hauetan. Larunbata honetan, adibidez, 19:00etan Punttu Kakots txarangarekin hasiko dira girotzen, eta gero Frigo eta SMF taldeen kontzertua izango da. Gaua Hiribarren ostatuan amaituko dute DJ saio batekin.